Martxoaren 29an jokatuko den 32. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak World Athletics-en Road Race Label ziurtagiria jaso du. Horrekin, halako lasterketen maila gorena berretsi du probak, eta Gipuzkoan aitortza hori jasotzen duen errepideko lasterketa bakarra bihurtu da.
World Athletics-en ziurtagiria lasterketaren kalitate eta antolakuntza maila altuaren zigilua da, nazioarteko estandar zorrotzak betetzen direla egiaztatzen baitu.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 32. edizioa martxoaren 29an, larunbatez, izango da. Diego Garcia zenaren omenez egiten den lasterketaren dortsalak amaitzear daudela jakinarazi dute ohar batean antolatzaileek; hain zuzen, 25 dortsal baino ez dira geratzen lasterketa motzerako, eta 125, berriz, luzerako. Horrenbestez, parte hartu nahi dutenak ahalik eta azkarren izen ematera deitu dituzte antolatzaileek.