Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak zortzigarren Landaola sariak banatuko ditu datorren ostiralean, Zumarragako Azoka Plazan (12:00). Lau sari banatuko dituzte aurtengoan, eta erakunde pribatuen eta erakunde publikoen sariak jasotzeko hautagaien artean dira eskualdeko bi proiektu.
Aiora Urbieta zestoarraren Amalda biobotanika proiektua erakunde pribatuen saria jasotzeko hautagaietako bat da. 2022an sortu zuen Urbietak sendabelarren ekoizpena sustatzea xede duen proiektua, eta hark Geure gorputzean eta etxean burujabe liburua argitaratu zuen iaz. Honako lotura honetan irakur daiteke liburua argitaratu berritan Gukak zestoarrari egindako elkarrizketa.
Erakunde publikoen artean, Azkoitiko Udala da saria jasotzeko hautagaietako bat, Berdura Plaza eraberritzeko proiektua tarteko. Herriko plazan kokatuta dagoen eraikina 1903koa da, eta XVI. mendetik herritarren topagune izan da espazio hori. Ekoizleen topalekua ere izaten da asteko ia egun guztietan, eta bestelako ekintzetarako ere baliatu izan dute lekua.
Europako Next Generation funtsen laguntza tarteko, espazioa eraberritu zuen iaz Azkoitiko Udalak. Besteren artean, teilatu zati bat eta ateak berritu dituzte, irisgarritasuna eta argiztapena hobetu dituzte, eta ekoizleentzako mahaiak-eta aldatu dituzte. Etorkizunean barrualdea berritzea aurreikusten du erakundeak, "elkarbizitzarako espazio bat sortzeko eta bertako zein garaiko produktuen sustapena indartzeko".