Martxoaren 8a da larunbat hau, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Horren harira, eskualdeko herrietan askotariko ekintzak izango dira egun osoan zehar, eta zenbait herritan aurrez nahiz datozen egunetan ere gauzatuko dituzte jarduerak.
Azken urteotan bezala, Mugimendu Feministak eta haren bueltako taldeek nahiz Itaiak antolatutako mobilizazioak izango dira eskualdeko herrietan. Aurten aipatzekoa da, gainera, bi mugimenduek jarri dutela begirada faxismoa izaten ari den gorakadan.
Euskal Herriko Bilgune Feministak Heldulekuak argi leloarekin egin du Martxoaren 8rako deia. "Hiru dira helduleku hitzari hiztegiak ematen dizkion adierak; zerbaiti heltzen zaion lekua; laguntza, babesa edo oinarria ematen duen gauza; eta iritzi, lege, doktrina eta kidekoez mintzatuz, horien oinarri den argudio edo froga. Hirurak zaizkigu baliagarri desio dugun Euskal Herrirako dugun heldulekurik argiena feminismoa dela baieztatzeko", adierazi du Bilgune Feministak.
Eskuin muturraren gorakadan ere jarri du arreta: "Eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakada bizi dugun garaiotan, politika neoliberalak ezartzen ari diren honetan eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, arrazista eta koloniala birfundatzen ari denean, bi baieztapen egin ditzakegu: lehena, emakume eta gorputz disidenteok etsaiaren jopuntuan gaudela are nabarmenago; eta bigarrena, desberdinkeria areagotzen ari dela".
Bilgunearen arabera, faxismoaren gorakada, ordea, ez da "soilik" eskuin aldetik iritsi. "Feminismoaren aurkako posizio gisa eta euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu dira. Ezker aldeetan ere badugu nori eta zeri aurre egin".
Urola Erdiko nahiz Urola Kostako Itaiak ere mobiliziazioak egingo ditu eskualdeko hainbat herritan. Matxismoaren aurrean, emakume langileok lehen lerrora leloarekin deitu dituzte elkarretaratzeak. "Atzerakada ekonomikoak eta politikoak ezaugarrituriko testuinguru honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da emakume langileok lehen lerroa hartzea. Faxismoaren aurka, kaleak hartzeko momentua da", adierazi du Itaiak.
"Uste dugu nabarmen ari direla zabaltzen emakumeon aurkako jarrerak instituzioetan, sare sozialetan zein kalean, hala nola matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak. Horrez gain, krisialdi ekonomikoaren barruan langileon, eta, konkretuki, emakume langileon lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari dira: lan ezegonkorrak, lanaldi partzialak, bizitzaren garestitzea... Emakumeon aurkako ofentsiba ekonomikoa eta kulturala areagotzen ari da. Horrek guztiak, gainera, emakumea bigarren mailako subjektu izatea oraindik eta gehiago normalizatu du. Egoera larri honetan posizionatzeko momentua dela uste dugu: emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatzeko hautua egin", erantsi du Itaiak.
Egitarauak herriz herri:
Aia
Larunbata, martxoak 8.
- 18:30. Manifestazioa.
- 19:30. Kalejira eta poteoa.
- 21:00. Taldeko argazkia. Ondoren, emakume afaria Alkarren.
Aizarnazabal
Larunbata, martxoak 8.
- 10:00. Indamendira mendi martxa.
- Ondoren, hamaiketakoa Zahar Etxean.
- 17:00. Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren jardunaldia, Atari Soro pilotalekuan: Gomez-Sagardui vs Insausti-Bertiz eta Ruiz Infante-Orbegozo vs Aranburu-Mujika.
- 19:00. Triki-poteoa.
- 19:30. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
Azkoitia
Larunbata, martxoak 8.
- 19:00. Itaiaren mobilizazioa, plazan; Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara lelopean.
- 19:00. Kimua dantza kolektiboaren Generorantz emanaldia, Baztartxo antzokian.
Azpeitia
Larunbata, martxoak 8.
- 12:00. Umeentzako tailerra.
- 12:30. Elkarretaratzea.
- 13:00. Luntxa.
*Goiko ekintzak Azpeitiko Feministen Sareak antolatu ditu, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak leloarekin. Plazan izango dira ekintzak.
- 19:00. Itaiaren mobilizazioa, plazan; Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara lelopean.
Errezil
Larunbata, martxoak 8.
- 13:30. Elkarretaratzea, Errezilgo goiko plazan.
- 14:00. Bertso bazkaria, Borondegin.
Getaria
Larunbata, martxoak 8.
- 19:00. Bertso poteoa.
- 21:30. Afaria.
- Gero, Esther Sound Sister DJa.
Orio
Larunbata, martxoak 8.
- 12:00. Plazatik abiatuta, manifestazio zaratatsua Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak! lelopean.
- 14:00. Bazkari autogestionatua, plazan. Euria bada, Saregilen. Orioko Mugimendu Feministak antolatuta.
Martxoak 12, asteazkena.
- 17:30. Zahartzaro berriak tailerraren azken saioa, Yolanda Arrietarekin, Saregilen. Orioko Zaintza Mahaiak antolatuta.
Martxoak 21, ostirala.
- 18:30. Emakumea surflari dokumentalaren emanaldia eta solasaldia egileekin, Saregilen. Orioko Mugimendu Feministak antolatuta.
Martxoak 31, astelehena.
- 17:30. Zaintzaren iruditeriak euskal literaturan mahai ingurua, Uxue Alberdi eta Iratxe Retolazarekin, Saregilen. Orioko Zaintza Mahaiak antolatuta.
Zarautz
Ostirala, martxoak 7.
- 19:00. Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak Bideak urratzen gaitu bertso saio musikatua antolatu du. Modelo aretoan izango da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak 18:15etik aurrera banatuko dituzte leihatilan.
Larunbata, martxoak 8.
- 12:30. Manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik hasita.
- 14:30. Bazkari feminista, Arranon.
- 16:30. Patiyoko Atzuen eskutik zuzeneko irratsaioa, Musika Plazan.
- 18:00. Kalejira, Musika Plazatik hasita.
- 19:00. Itaiaren mobilizazioa, Lege Zaharren Enparantzan; Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara lelopean.
- 23:00. Pintxada Kolektiboa, Arranon.
Zestoa
Ostirala, martxoak 7.
Barbantxok antolatuta, arratsaldean haurrek eta nerabeek eskulanak egingo dituzte herria apaintzeko.
Larunbata, martxoak 8.
- 12:00. Manifestazioa, plazatik abiatuta. Zerbait morea eramateko deia egin dute.
- Ondoren, mokadua.
*Zestoako Emakume Feministen Taldeak antolatu ditu ekitaldi horiek.
- 19:00. Itaiaren mobilizazioa, plazan; Matxismoaren aurrean emakume langileok borrokara lelopean.
Zumaia
Larunbata, martxoak 8.
- 11:00. Zuzeneko irratsaioa egingo dute Kofradian.
- 13:00. Manifestazioa, Saregile plazatik abiatuta.
*Zumaiako Mugimendu Feministak antolatu ditu ekintzak.