Azpeitiko inauterietan haurren desfilean harrapatutako emakume bat, alaba besoetan duela; irudi baten bidez, zaintzaren arloa oraindik ere emakumeena dela erakusteagatik. Helene Alberdi triatleta eta medikua; ama izan arren, kirolean goi mailan aritu daitekeela frogatzeagatik. Noemi Ostolaza Emakundeko idazkari nagusia; gizarte osasuntsua lortzeko bide bakarra feminismoa izango dela aldarrikatzeagatik. Lara Zapirain; akondroplasia izan arren, eguneroko borrokaren bidez emakume handi-handia dela erakusteagatik. Bakoitza bere arloan, eredu zaretelako, zuentzako Guka egunkariko aste honetako azalak.
Inauteriei jarraika iritsi zaigu aurtengoan Martxoaren 8a, eta Azpeitian, behintzat, ez dugu izan iazkoa bezalako albiste beldurgarririk. Eskerrak. Normaltasunez igaro ditugu inauteriak, eta festa horien adierazle izan diren azal koloretsuekin harilkatu ditu hedabide honek aste honetan Guka egunkariko bestelako azalak. Ez dira deskuidoan atera azken lau egunotako azal guztietan emakumeen aurpegiak.
Urteko ez dakit zenbat egunetan, Guka egunkariko azala egitea tokatzen zait –batzuetan Aritz Mutiozabal lankideak ordezkatzen nau–, eta saiatzen naiz ahalik eta edukirik eta irudirik erakargarrienak eramaten azaletara, irakurleok merezi duzuela iruditzen zaidalako eta informazioa boterea dela sinesten dudalako. Seguru ez dudala askotan asmatuko, baina saiatu, behintzat, saiatzen egunkarian ahalik eta edukirik interesgarrienak biltzen, betiere Urola Kostako herrietako tokiko informazioa jasoz. Eta, noski, lantalde osoarekin eskuz esku, haiek direlako orrialde hauetan ateratzen diren edukiak bilatzen, idazten, lantzen dituztenak.
Aurreko batean, lankide batek zera esan zidan: azkenaldian Guka egunkariko azal gehienetan gizonak ageri zirela. Esku artean zenbakirik ez dudan arren, badakit hori horrela dela. Guk hala nahi gabe ere, gizonak izan ohi dira gure hedabideetan gehien elkarrizketatzen ditugunak, azalak betetzen dituztenak. Eta elkarrizketarako proposamena egitean, emakumeek gizonek baino askoz ere gehiagotan esaten digute ezetz; «nik zer egin dut bada egunkarian azaltzea merezi izateko» esanez bezala.
Eta zera pentsatu nuen: Martxoaren 8ko astean, behintzat, ez zela gizonik aterako gure portadetan. Urte osoan, astean behin bada ere, merezi zuela ariketa hori egiteak. Eta horrexegatik, hain zuzen, propio, emakumez jantzi ditugu aste honetako azal guztiak, begirada horretan jarri izan ez bagenu, seguru asko halakorik gertatuko ez bazen ere.
Eta benetan diotsuet, konbentzituta nagoela gero eta emakume gehiago direla erreferente arlo askotan, eredu beren etxean eta kalean, eta horien jarduna bistaratzeko ahalegina egiten jarraituko dudala Guka egunkariaren azala egitea tokatzen zaidan egun bakoitzean. Eta emakumeok ere, sinets ezazue uste duzuena baino gehiago balio duela egiten duzuenak, lehengoek izan ez zituzten erreferente horiek zaretela atzetik etorriko direnentzat.
Beraz, bide horretan, eta benetako berdintasuna iritsi bitartean, herritarrei ahotsa ematen jarraituko dugu, azalak emakumez janzten, aste honetan egindako ariketa berariaz egitea beharrezkoa ez den eguna iritsi arte. Martxoaren 8aren benetako beharrik existituko ez den eguna iritsi arte.
Eta uste dut gaurko egunez esatea tokatzen dela, gure lantaldean gehiengo handi bat emakumeak garela, eta askotan azaletan emakumeak ageri ez badira ere, egunkari honen barruko orrialdeetan emakume askoren ahalegina dagoela. Zuetako bakoitzari, keinu txiki bat idatzi honetan.