Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta bertso eskolek Gelatik plazara egitasmoaren hirugarren edizioa antolatu dute, 14 urtez azpiko bertsolariak agertokira ateratzera bultzatzeko xedez. Ikasleek bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea du helburu egitasmoak, eta eskolarteko txapelketarekin zubi lana egiteko ere balio du.
Bi mailatan ariko dira bertsolariak: LHkoan eta DBHkoan. Bi-lau lagunez osatutako taldeetan ariko dira saioetan, hainbat bertso eskolatakoak. Orotara, 250 bat bertsolari gaztek parte hartuko dute astez aste egingo dituzten saioetan.
Gaur izango da saioetan aurrena, Orion; Kultur Etxean egingo dute, 17:30ean, eta LH4tik LH6ra bitarteko Aizarnazabalgo, Zumaiako, Zarauzko eta Orioko bertso eskoletako ikasleak ariko dira kantuan. Bigarren saioa ere eskualdean izango da; Errezilgo San Martin eskolan bihar egingo dute, 17:30ean, eta LHko eta DBHko ikasleak ariko dira bertsotan.
Martxoaren 21era bitartean, Mendaron, Aretxabaletan, Hernanin, Villabonan, Oiartzunen eta Errenterian ere egingo dituzte saioak; eta finalak martxoaren 30ean eta apirilaren 4an izango dira, Alegian eta Azpeitian, hurrenez hurren. Alegian LH mailakoen finala egingo dute, eta DBHko ikasleena, berriz, Azpeitian.