Inauteriak 2025

Badatoz kaldereroak, karnabalen iragarle

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 21a, 10:00

Bi gaztetxo mozorrotuta, iazko Azpeitiko kaldereroen desfilean. (Maialen Etxaniz)

Azpeitian eta Zumaian, trapu zaharrak soinean eta zartaginak eskuetan, bihar egingo dituzte desfileak, 19:00etan hasita. Zestoan, ostegun arratsaldean egingo dute desfilea Ertxiña musika eskolako ikasleek, 17:15etik aurrera.

Astebete pasatxo falta da aurtengo karnabaletarako, eta ohiko moduan, inauteriak hemen direla iragartzeko, asteburuan kaldereroen desfileak egingo dituzte eskualdeko hainbat tokitan; zehazki, Azpeitian eta Zumaian. Azpeitian, herritarrak mozorrotuta eta zartaginak eskuetan dituztela aterako dira kalera, eta 19:00etan hasiko dute horiek ibilbidea Artzubia kalean. San Martin egoitzaren paretik Goiko kalera joango dira aurrena, eta gero, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik eta Donejakue kaletik igarota, plazara iritsiko dira, eta han bukatuko dute kalejira.

Helduek, gazteek nahiz haurrek izango dute desfilean parte hartzeko aukera, eta urtero legez, astoak ere aterako dira karroei tiraka. Konpartsako parte hartzaileek Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestiak joko dituzte ibilbidean zehar, Udal Musika Bandako eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun dituztela. Azpeitiko Udalak kalejiran parte hartzeko eta trapu zaharrak zein zartaginak kalera ateratzeko deia egin die herritarrei.

Igandean, berriz, karnabaletako kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, 12:30ean hasita. Udal Musika Bandako, Julian Barrenetxea abesbatzako eta Juan Antxieta musika eskolako kideek karnabaletako abestiak eskainiko dituzte, Unai Frantsesena bandaren zuzendariaren gidaritzapean. Gainera, ohiko legez, aurreko urteko karnabaletako irudiak pantaila handian botako dituzte kontzertuak irauten duen bitartean. Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek, Azpeitia Gukak nahiz beste hainbat herritarrek utzitako irudiak izango dira horiek.

Sanagustinera bertaratzen direnek honako abestiak entzungo dituzte: Hungariar kanta, Kaldereroen konpartsa, Kaldereroen koruak II eta III, Konpontzailea, Mazurka, Trapu zaharrak, Sasikoipetsu, Goiz eresia, Lolita, Sarralle buru haundi, Bihotz eritua, Iriyarena, Pello Bixente eta Gora karnabalak, miamol!.

Gero eta gehiago

Zumaian ere, trapu zaharrak soinean eta paelak eskuetan, 19:00etan ekingo diote kaldereroen kalejirari; Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatu eta herriko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte. 2019an berreskuratu zuten ohitura Zumaian, eta urtez urte geroz gehiago dira desfilean parte hartzen duten herritarrak. Azken asteetan hainbat aldiz elkartu dira Torreberrin kalejira prestatzeko, eta larunbata izango da entseatutakoak herritarrei erakusteko eguna.

Zestoan ere egingo dute kaldereroen kalejira, baina datorren ostegunean izango da hori. 17:15ean hasita, kalez kale zartaginak astinduz ibiliko dira Ertxiña musika eskolako ikasleak, eta San Juan eta Gisasola egoitzetara ere joango dira, eguraldiak laguntzen badie behintzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide