Lokatzak distira berezia eman dio gaurko Kobaz Koba mendi lasterketari

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 9a, 17:45

Iraitz Legorburuk eta Ainara Urrutiak iazko garaipena berretsi dute Zestoan, proba luzean batak eta motzean besteak; Eneritz Aramendi azpeitiarrak irabazi du proba luzea emakumeetan; eta Mikel Arriola eibartarrak, motza, gizonetan.   

Euririk ia batere ez, baina izugarrizko lokatza izan dute bidelagun gaur Zestoan jokatu duten Kobaz Koba Trail mendi lasterketan parte hartu dutenek. Ohi bezala, bi proba jokatu dituzte: Artzei, 15 kilometrokoa; eta Zaldei, 26 kilometrokoa. Guztira 696 lagunek eman zuten bederatzigarren edizioko bi probetakoren batean parte hartzeko, baina azkenean, gutxixeago izan dira gaur irteera puntuan elkartu diren korrikalariak. Hain zuzen ere, 09:00etan, 266 lagunek ekin diote Zaldei ibilbideari, eta 10:00etan, 350 lagunek, Artzei ibilbideari. Guztira 616 lagunek parte hartu dute, beraz.  

Lokatza tarteko, iazkoarekin alderatuta, aurten beranduxeago hasi dira korrikalariak helmugara iristen, eta denetan lehena proba luzean parte hartu duen Iraitz Legorburu getarriara izan da. Iaz ere berak irabazi zuen Zaldei proba, eta garaipena berresteaz gainera, lau minututan hobetu du iazko denbora. Proba luzea egin duten emakumeetan, berriz, Eneritz Aramendi azpeitiarra izan da azkarrena, 02:58:12 denbora eginda. Lasterketa laburrari dagokionean, Ainara Urrutiak laugarren urtez jarraian jantzi du txapela, eta gizonetan, Mikel Arriola eibartarra izan da onena. 

Helmuga zeharkatu berritan, goitik behera lokaztuta, baina "poz-pozik" ziren lau irabazleak. Ibilbideko zati batzuetan korrika egitea ia ezinezkoa zela adierazi dute, eta behin baino gehiagotan erori direla, baina lokatza, oztopo baino gehiago, lasterketa irabazteko aldeko faktore izan dutela nabarmendu dute, baldintzak zenbat eta kaskarragoak izan, orduan eta gusturago ibiltzen direlako mendian.

Kobaz Koba Trail mendi lasterketa urteroko hitzordu bilakatu da eskualdeko zein eskualdetik kanpoko mendi korrikalari askorentzat, dortsala eskuratzea lortuz gero behintzat. Eta parte hartzaileak bakarrik ez, haiek ikustera eta animatzera ere ehunka lagun bertaratzen dira Zestoara. Hala izan da gaur ere, eta kirol probaren bueltan, sekulako giroa sortu da herrian. 

Sailkapenak

Hona hemen bi probetako sailkapenak eta denborak:

Proba luzea, gizonak: 

  • Iraitz Legorburu (Getaria) 02:14:39
  • Paul Ormaetxea 02:16:49
  • Beñat Ibañez 02:16:58
  • Lehen zestoarra: Amets Aranberri 02:23:25 

Proba luzea, emakumeak:

  • Eneritz Aramendi (Azpeitia): 02:58:12
  • Naroa Uria (Azpeitia): 03:01:20
  • Tanit Perez Lezeta: 03:12:41
  • Lehen zestoarra: Aintzane Diaz: 03:39:24 

Proba motza, gizonak:

  • Mikel Arriola: 01:17:14
  • Joxe Errasti: 01:17:17
  • Ibai Angulo (Urrestilla, Azpeitia): 01:18:27
  • Lehen zestoarra: Jon Aizpuru: 01:24:32 

Proba motza, emakumeak: 

  • Ainara Urrutia: 01:33:05
  • Ane Elzaurdia: 01:33:54
  • Irati Larrañaga: 01:34:26
  • Lehen zestoarra: Ainara Arakistain: 01:56:24

(Argazkiak: Kris Fernandez eta Aitziber Arzallus)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide