Xanti Agirrezabala: "Umoretik, baina auzi sakon bat landu dugu obran"

Mireia Galarza Bastida eta Maialen Etxaniz 2025ko ots. 7a, 13:00

Kamikazeko kideekin batera, Renata obra estreinatu zuen Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) joan den astean Durangon. Gaur Zarautzen ariko dira, Modelon. 

Joan den asteburuan oholtzaratu zenuten Renata antzezlana Durangon (Bizkaia). Nola joan zen estreinaldia?

Ondo, ondo. Ez genuen etxean jokatzen, guretzat ere plaza berria zen, baina gustura egon ginen. Jende asko bertaratu zen, eta beraiek ere gustura sumatu genituen.

Erditzea, beraz, ondo.

Bai, bai. Hainbeste denboran prestatzen egon ostean, lehenengo aldiko urduritasun hori bagenuen, jendearen erantzuna zein izango zen pentsatzen genuelako. Erantzuna ona izan zen, jendea gurekin sumatzen baikenuen bidaia osoan; beraz, gu ere ondo.

Bigarren emanaldia Zarautzen eskainiko duzue gaur. Zer aldarterekin iritsiko zarete hara?

Hau da guretzat etxeko emanaldia, tartean Iraia Elias zarauztarra dagoelako. Besteok ere, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta ni, eskualdekoak gara. Gustura joango gara Zarautzera ere. 

Sarrera denak agortuta daude, gainera.

Duela pare bat aste agortu ziren. Dena dela, ematen du arrakastaren emaitza sarrera guztiak agortzea dela, eta ez da horrela. Publikoa bero sentitzen dugun bitartean, gu konforme.

Nor da Renata?

Renata oso dohain berezia duen pertsonaia bat da, une oro hil eta berpizten dena, eta misio oso garrantzitsu bat du mundua salbatzeko. Distopia bat da antzezlana; gobernu bat dago bertan, presidente tirano batekin, kontsumismora guztiz bideratuta dagoen gizarte batean. Erabat daude lotuta pantailekin, eta zurrunbilo horretan ez diote bizitzari begiratzen; horrekin batera, heriotzari ere ez. 

Beraz, fikzioa bai, baina errealitatetik ere badu antzezlanak.

Bai, zeharka gure munduari buruz ari gara, baina estetikoki eta formetan muturrera eramaten saiatu gara proposamena, eta horrek ahalbidetu digu modu oso komiko batean, parodian eta ironian, hitz egin ahal izatea gure munduari buruz. Gainera, oso erritmo frenetikoa du antzezlanak, eta horretan Espe Lopez eszena zuzendaria izan dugu bidelagun. Berak lagundu digu antzezlan osoan  erritmoa mantentzen, freskotasunari eutsita. Berezitasun bezala, esango nuke lau aktoreok 35 pertsonaia inguru interpretatzen ditugula; beraz, aldaketa pila bat ditugu antzezlanean zehar, eta hor jantziteriak paper garrantzitsua jokatu du. Barbara Raso izan dugu alboan horretarako. Kolaborazioak ere izan ditugu, Kamikazek egin ohi duen moduan. Kasu honetan, Hodei Barroso eta Xabier Euzkitze izan ditugu bidelagun.

Erritmo hori antzezlanak irauten duen ordu eta erdi ingurun mantentzea ez al da lan zaila?

Ez da iristen ordu eta erdira, baina hortxe dabil. Dena dela, aldaketa asko daudenez, jendeak ez digu esan luze egin zaienik. Egia esan, horrek lan asko eskatzen digu guri, fisikoki oso exijentea delako. Horretaz gain, antolaketa ere behar-beharrezkoa da, nire kasuan zortzi pertsonaia antzezten ditudalako, bakoitza bere arropekin, eta hori guztia ondo antolatzea oso potentea da. Ezkutatzen zara, aldatu egin behar duzu segundo gutxitan eta berriro irten... Erronka polita izan da, ordea. 

Erraza izan al da gai garrantzitsu horiekin umorea egitea?

Umoretik lan egiteak ez du esan nahi antzezlanean ez denik auzi sakon bat aurkezten, guztiz alderantziz. Gatazka oso handi baten inguruan ari gara, baina erakusteko modua eta jendearengana iristeko bidea komedia da, eta hori oso modu eraginkorra eta bizkorra iruditzen zait publikoarengana iristeko. Gure kodigoa hori da. 

Nolakoa izan da Kamikazeko kideekin lan egitea?

Aurretik ere ezagutzen genuen elkar, eta nik uste dut oso-oso ondo ulertu garela arlo askotan: kodigoetan, estetikan, inprobisaketetan... Emaitzean ere ikusten da hori, kalibre honetako lan bat egiteko beharrezkoa dela elkarrekin konektatzea. Antzezlana ikusten duena jabetuko da horretaz. 

Noraino egin behar da atzera Renata-ren hastapenetara iristeko?

Duela bi urte baino gehiago hasi ginen honekin guztiarekin. Kamikazek Donostia saria irabazi zuen Hiru Kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi antzezlanarekin, eta bertan jasotako diruarekin hasi zen Renata-ren ibilbidea. Niri ere orduan iritsi zitzaidan proposamena, eta pozarren hartu nuen, egia esateko. Hil eta berpizten zen pertsonaiaren ideia  hor zegoen hasieratik, eta horren bueltan hasi ginen lanketarekin.

Asko aldatu al da Renata ordutik?

Bai, bai. Erabakiak hartzen ari zaren neurrian, dena eraldatzen da. Lan handia egin dugu materiala sortzen, eta asko sortu dugunez, aukeratzen joan behar izan dugu zer utzi alde batera eta zerri eutsi. Hala eta guztiz ere, bukaeran geratu diren pertsonaia asko prozesu horretan sortu eta berreskuratutakoak dira, multzoka sailkatu ditugunak.

Hainbeste ideiarekin, zaila eta dena dirudi prozesuari amaiera ematea.  

Gertatu zitzaigun hori, bai. Puztu-puztu-puztu... baina nola amaitzen da obra? Gainera, zailagoa da hain erritmo frenetikoan bukaerari duen garrantzia eskaintzea, baina egin behar da. Kontatuko nuke zein den amaiera, baina ikusi egin beharko duzue obra. Dena dela, uste dut topatu dugula kapitulu honi amaiera emateko modu egokia. 

Bide horretan hainbat sormen egonaldi egin dituzue; horietako bat Azpeitian. 

Hasieran egon ginen Dinamoa sormen gunean, ideiari bueltaka eta erdi ataskatuta, ideia nondik bideratuko pentsatzen. Izan ere, zerotik sortzen den antzezlan batek hori du; milaka erreferentzia dituzula, eta zaila dela hori testura eta eszenara ekartzea. Gero, Maulen egon ginen, eta bukaeran Errenteriako [Gipuzkoa] Leku Ona eta Niessenen. Azken astea Durangon igaro genuen.

Aurrera begira, non ikusi ahalko dute antzerkizaleek zuen obra berria?

Gaurko Zarauzko emanaldiaz gain, otsaileko azken asteburuan Donostian izango gara. Zumaian ere egongo gara, Zestoan, Arrasaten [Gipuzkoa], Santurtzin [Bizkaia], Getxon [Bizkaia], Galdakaon [Bizkaia], Eibarren [Gipuzkoa]... Emanaldi sorta polita dugu, gu ere horiek lortzen asko saiatu garelako. Izan ere, askotan eszenako lana bakarrik ikusten dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide