Eskualdeko hainbat gidari eta kopilotu saritu ditu Euskadiko Automobilismo Federazioak

Julene Frantzesena 2025ko ots. 4a, 14:47

Saritutako hainbat lagun joan zen igandeko ekitaldian. (Iosu Uribe)

Euskadiko Automobilismo Federazioak 2024ko txapelketetako sariak banatu zituen joan zen igandean Agurainen. Eskualdeko hainbat pilotuk eta kopilotuk jaso zituzten oroigarriak, denboraldian zehar egindako balentriak tarteko. 

Euskadiko Automobilismo Federazioak 2024ko txapelketetako sariak banatu zituen joan zen igandean, Aguraingo (Araba) Harresi aretoan. Eskualdeko hainbat lagunek jaso zuten oroigarria, denboraldian zehar egindako balentriak tarteko.

Autokros Txapelketan, Jokin Aiertza eta Iosu Alberdi azpeitiarrek bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren. Rallysprintetan Aitzol Apalantza errezildarra (Olatz San Miguel kopilotuarekin) izan da nagusi, eta modalitate horretako bigarren mailan Josu Mate azpeitiarra (Iñigo Plazaola kopilotuarekin), hirugarrenean Alberdi (Alize Etxebarria kopilotuarekin) eta seigarrenean Apalantza bera.

Horiez gain, Formula Librean Aritz Murua gidariak eta Mikel Zubizarreta kopilotu azpeitiarrak lortu dute garaipena. Bigarren, berriz, Ioritz Buldain azpeitiarra (Nora Larrañaga kopilotuarekin) izan da. 2RM Kopan Mate izan da aurrena, eta bigarren egin du Iraitz Olariaga azkoitiarrak, Josu Odriozola kopilotu azkoitiarrarekin. Propulsio Kopan Alberdi izan da nagusi, eta bigarren, berriz, Ander Odriozola zumaiarra, Jon Albizuri kopilotu azkoitiarrarekin. Bestalde, Mendiko Txapelketa Iosu Beitiak irabazi du.

Rallyetan, ibilgailu historikoen lehen mailan, Unai Usobiaga pilotua eta Maria Aranberri kopilotu azpeitiarra izan dira nagusi, eta 2RM Kopan ere jaso dute lehen saria Usobiagak eta Aranberrik. Halaber, maila horretan Olariaga eta Odriozola azkoitiarrek lortu du bigarren saria.

Gidari eta kopilotu horiek guztiek jaso zuten oroigarria igandeko sari banaketa ekitaldian, baina horiez gain, euskal gidariek nazioartean lortutako aitortzak ere gogora ekarri zituen federazioak. Alde batetik, Aritz Iriondo arroarrekarrak, Gorka Eizmendi aiarrak eta Ion del Cid, Igor Agirrebeña, nahiz Jon Bikendi azpeitiarrek jaso dute sari bana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide