Emaitza onak lortu dituzte eskualdeko taldeek Portugaleteko traineru jaitsieran

Julene Sorarrain 2025ko ots. 3a, 10:02

Orio Arraunketa Elkarteko emakume seniorrak. (OAE)

Asteburuan lehiatu dira Orioko, Zarauzko eta Zumaiako klubetako arraunlariak Bizkaiko herrian. Orioko arraunlariek garaipena lortu zuten lehiatutako bi mailatan. ZAEko nahiz Zumaiako traineruek ere postu onak eskuratu zituzten.

Portugaleteko XIII. Traineru Jaitsieran lehiatu ziren asteburuan Orioko, Zumaiako eta Zarauzko traineruak. Guztira 47 ontzik parte hartu zuten hainbat kategoritan. Eskualdekoei dagokienez, ZAEko seniorren trainerua uretaratu zen gizonezkoen mailan; Oriori dagokionez, arraunketa elkarteko emakume seniorren trainerua lehiatu zen, baita Badok13 taldeko beteranoen trainerua ere; eta Zumaiako klubari dagokionez, emakume seniorren eta gizonezkoen traineruak lehiatu ziren.

Senior emakumeek eta beteranoek 4.000 metroko distantzia burutu zuten, eta senior gizonek eta gazte/mistoek, 5.500 metro.

Hori horrela, Zarauzko gizonezkoek hirugarren postua eskuratu zuten beren kategorian, 18:20,88 denborarekin. Taldearen aurretik sailkatu ziren Zierbena, lehenengo postuan, eta Pedreña, aldiz, bigarrengoan.

Orioko arraunlariek asteburu bikaina izan zuten. Badok13 traineruak lehenengo postua eskuratu zuten beteranoen mailan, 12:20,79 denborarekin. Emakumezkoen kategorian, aldiz, 12:43,45 denborarekin amaitu zuten arraunketa elkarteko arraunlariek, 4.000 metroko distantzia egin ostean.

Zumaiako arraunlariek ere emaitza onak lortu zituzten. Emakumezkoak Orioren atzean kokatu ziren, 12:49,35 denborarekin bigarren postua eskuratuz. Gizonezkoek, aldiz, bosgarren postua lortu zuten, 18:29,25 marka egin ostean.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide