Hezkuntza publikoko beharginek gaur dute lehen greba eguna

Julene Frantzesena 2025ko urt. 22a, 10:50

Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren patioa.

Sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan hamabi greba egun deitu dituzte, eta eskualdeko ikastetxeetan izan du eragina deialdiak. Gaurko eta biharko grebara deituta daude irakasleak, eta datozen asteetarako Haurreskolen Patzuergoko nahiz hezkuntza publikoko sukaldeetako nahiz garbiketako beharginak ere bai.

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako hamabi greba egunetatik aurrena da gaurkoa. Irakasleak daude gaurko eta biharko grebara deituta, eta ikastetxeetan nabarmena izan da erantzuna.

Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolan, esaterako, irakasleen %60k egin du greba, eta Urola Ikastolan %42k. Zestoako Zestoa Herri Ikastetxean, berriz, %66,6k egin du greba, eta Getariako Iturzaeta herri eskolan ia erabateko jarraipena izan du deialdiak. Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako langileen %25ek egin dute bat grebarekin, Azkoitia BHIn %22k eta Izarraitz lanbide heziketan %50k. Aiako Lardizabal herri eskolan ere eragin handia izan du greba deialdiak, irakasleen %63k egin baitute bat grebarekin; Orioko Zaragueta herri eskolan, berriz, %33k. Zarautzen, Lizardi institutuan irakasleen %32 batu da grebara. Zumaian, Herri Eskolako irakasleen %92 erabaki du greba egitea, eta Zumaiako Institutuko %68,5ek. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzuak jarri ditu Eusko Jaurlaritzak han eta hemen.

Gaurko eta biharko greba egunez gain, otsailaren 26an eta 27an ere lana uztera deituta daude irakasleak. Horiez gain, Haurreskolen Patzuergoko beharginak greba egitera deituta daude urtarrilaren 28rako eta 29rako zein otsailaren 12rako eta 13rako. Bestalde, hezkuntza alorrean sukaldean eta garbiketan aritzen diren langileak deitu dituzte grebara urtarrilaren 30erako eta 31rako nahiz otsailaren 19rako eta 20rako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide