Gipuzkoako txapelketa irabazi zenuen zapatuan. Nola joan zen lasterketa?
Lasterketa ona eta lasaia izan zen. Espero baino partaide gutxiagok parte hartu genuen, eta hasieratik ikusi nuen lasterketa nahikoa bakarrik egin beharko nuela. Bizi ateratzen saiatu nintzen, eta amaierara arte erritmo horri eusten.
Zer esanahi izan du garaipenak zuretzat?
Zein korrikalarik parte hartuko zuten-eta jakinda, pentsatzen nuen garaipena lortzeko borrokan izango nintzela; izan ere, duela bi aste jokatu zen 23 urtez azpikoen mailako txapelketa ere nahikoa ondo joan zitzaidan. Ez nuen garaipena lortzea helburu, bai bainekien zailagoa izango zela. Dena den, lasterketa hasi zenean pentsatu nuen irabazteko gai nintzela.
400 metroko domina ugari dituzu, baina estreinakoz irabazi duzu urrea 800 metrokoan.
800 metroko proba luzeagoa egiten da. Denboraldi honetan pare bat lasterketa korritu ditut distantzia luzeagoan, eta erosoago sentitzen naiz, erritmoa hartzen. Pista estaliko sasoian, 800 metrokoan aritzea erabaki nuen; izan ere, desberdina egiten zait pista estalian 400 metroko proban aritzea, ez baita ondoen moldatzen naizen modalitatea. Aire libreko denboraldia hastean berrartuko dut berriro 400 metrokoa. Erabaki beharko dut 800 metrokoarekin jarraitu edo ez; ikusi dut aurrerago.
Datozen lasterkei so eginda, zer asmo dituzu?
Hiru aste barru, Espainiako txapelketa jokatzea egokitzen da. 02.17.41eko denbora dut, eta gaur-gaurkoz txapelketa hori jokatu ahal izateko gutxieneko denbora duten hogei korrikalarien artean nago. Espainiako txapelketan parte hartzea eta nire marka hobetzea da orain helburu nagusiena. Asteburuan, Euskadiko txapelketa jokatuko dut Donostiako Belodromoan, eta marka pertsonala jaisten ahaleginduko naiz.
Denboraldiko punturik onenean zaudela esango zenuke?
Ez, udara begira jarrita ditut asmoak, ordurako ondo egotea da nire asmoa. Aire libreko garaia iristen denerako formarik onenean egon nahi dut. Gainera, pertsonalki, barruan baino askoz ere erosoago sentitzen naiz kanpoan korrika egiten. Nolanahi ere, sentsazio oso onekin nago une honetan, eta gehiago egiteko gai naizela sinetsarazi nahi diot nire buruari. Ona izan ohi da beti pentsaera hori izatea.
Pista estalirako prestatzen ari zara, baina inguruotan ez dago pistan entrenatzeko aukerarik. Donostiara bueltaka ibiltzen al zara sasoi honetan?
Normalean, Donostiara joaten ahalegintzen naiz pistan entrenatzeko; batik bat, serieak-eta egiteko egunetan joan ohi naiz hara. Aurten, astean bitan ari naiz Donostiara joaten. Bestela, pistan entrenatu ahal izateko, Elgoibar [Gipuzkoa] gelditzen zait etxetik gertuen, nahiz eta hangoa ez izan estalitakoa. Hemengo korrikalariok, bestela, ez dugu pistan entrenatzeko aukerarik.
Azpiazuk eta Paradak ere txapela
Julen Azpiazu azpeitiarrak eta Lucia Parada oriotarrak ere txapelak lortu zituzten. Azpiazuk, 23 urtez azpikoen 1.500 metroko txapelketa irabazi zuen, 03.57.70 denbora egin eta Espainiako txapelketara sailkatuz. Paradak, berriz, 400 metroko distantzian lortu zuen txapela, 01:00:55 denbora eginda.