Datorren astean Madrilen egingo duten Fitur nazioarteko turismo azokan Gipuzkoako bost proiektu aurkeztuko dituzte, horietatik hiru Urola Kostarekin lotura zuzena dutenak. Gaur aurkeztu dituzte horiek guztiak Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek eta bost proiektuen ordezkariek. Horien artean ziren, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente Leire Barriuso, Geoparkeko Bira ibilbidea aurkezten; Urola Kostako mankomunitateko lehendakari Ion Arozena, mankomunitateko marka turistiko berria aurkezten; eta Iraurgi Berritzeneko lehendakari eta Azkoitiko alkate Ana Azkoitia, Hiruma eskualdeaz gaindiko proiektua aurkezten, Uggasako presidentea eta Urretxuko alkatea Jon Lukirekin eta Debagoienako Mankomunitateko lehendakari eta Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiarekin batera.
Honakoak dira Urola Kostarekin lotutako hiru proiektuak:
- Hiruma eskualdeaz gaindiko proiektua. Hiruma, Euskadiren ariman zeharreko bidaia, eskualdeaz gaindiko proiektua da, hiru eskualderen lankidetzatik sortua: Debagoiena, Urola Garaia eta Urola Erdia. Hiru helmugetako turismoa batera proiektatzeko marka turistikoa da, eta helburua da Euskadiko barnealdeko helmuga erreferente bihurtzea.
- Urola Kostako marka turistiko berria. Eskualdeko bost herriak indartzeko eta ezagutarazteko marka berritu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Urola Kostan, historikoki turismo ikuspuntutik garrantzia izan duten bi herri daude: Zarautz eta Getaria, hain zuzen ere. Baina, azken urteetan, beste herrietan ari da turismoa indartzen: alde batetik, Zumaia, geoparkea dela medio; eta bestetik, berriz, Aia eremu berde bezala. Eskualde mailan, nahiz eta lanketa komunak egin izan diren, eskualdea ez da ezaguna izan bere horretan, eta, ondorioz, eskualdeko markak ere ez du sona handirik izan. Hori horrela, izen eta izaera propioa izango duen marka bat sortzea izan da helburua, eskualdea osatzen duten 5 herriak (Zarautz, Getaria, Orio, Zumaia eta Aia) identifikatuak izateko eta eskualdearen ezaugarri nagusiak barnebiltzeko. 2024. urtean zehar egin da lanketa hau Urola Kostako Udal Elkartetik, eta 2025ean, bertatik marka hori erabiltzen eta zabaltzen hasiko da. Eta noski, espero da etorkizunean, toki turistiko bezala eskualdea bera ere ezaguna izatea, herri solteez haratago. Horretarako, herrien arteko lankidetzan oinarritutako turismo eskaintza konpartitu bat sortzen jarraitu nahi da.
- Geoparkeko Bira. Euskal Kostaldeko Geoparkea zeharkatzen duen ibilbide zirkularra da, 54 kilometrokoa, hiru etapatan banatuta. Hiru etapa hauetako lehena Mutriku-Deba da, 16,6 kilometroko ibilbidea, 1.000 metrotik gorako desnibela duena eta sei ordu pasatxoan osa daitekeena. Etapa flysch beltzean hasten da, geoparkeko zaharrena, eta Arnoko artadia zeharkatzen du, kostalde eta barnealdeko ikuspegiak eskainiz, euskal baserri tradizionalez zipriztindutako bide bakarrean. Bigarren etapa, eta luzeena, Deba-Zumaia da, 19,7 kilometroko ibilbidea, 1.000 metro inguruko desnibelarekin eta zazpi ordutan osa daitekeena. Deba ibaitik gora Historiaurreko Harana zeharkatzen duen bidea da, Lasturko uraren ubidearekin bat egin arte. Zalantzarik gabe, Birako zatirik politenetakoa da, eta, gainera, Geoparkearen ikuspegi ezohikoa eskaintzen du. Eta, azkenik, Zumaia-Mutriku, 17,7 kilometroko etapa, kostaldetik igarotzen dena, 1.000 metroko altuerako desnibelarekin eta zazpi ordutan osatzen dena. Lurraren historian zeharreko ibilbidea da, flyscharen edertasunaz bere osotasunean gozatzeko aukera ematen duena, Elgorriagak eta Portutxikik eskaintzen dituzten itsasertzaren ikuspegi ikusgarriekin.
Dominguezek azaldu duenez, eskualdeek eurek aukeratu dituzte proiektuak Madrilgo azokan aurkezteko, baina nabarmendu du proiektu horiek guztiek ezin hobeto egokitzen direla Gipuzkoan aspaldidanik bultzatzen ari diren desestazionalizazio eta deslokalizazio estrategiara. "Baina ez hori bakarrik, ezarri nahi dugun eta Fiturren aurkeztuko den turismo eredu berriari ere ezin hobeto erantzuten diote: jasangarria izateaz gain, birsortzailea ere izango den turismoa, bisitatzen gaituztenek Gipuzkoa zaintzen laguntzeaz gain, gure lurraldean eta tokiko komunitatean eragin positiboa izan dezaten".
Dominguezen hitzetan, Gipuzkoa une erabakigarrian dago nahi duen turismo mota definitzeko, eta esan du Fitur lehen mailako erakusleihoa dela, ez bakarrik Gipuzkoa helmuga turistiko gisa sustatzeko, baizik eta baita interesatzen zaion turista profila erakartzeko ere. "Bisitatzeko ez ezik, elkar ezagutzeko, gure kultura, tradizioak eta esentzia ezagutzeko, eta, jakina, gure ingurunea eta gipuzkoarrak errespetatzeko kezka duen turista bat erakartzeko, alegia".
Diputatuak gogorarazi du turismo industria Gipuzkoako BPGaren % 8,4 dela, eta, beraz, "enpleguaren eta aberastasunaren iturri garrantzitsua" dela. "Aberastasun hori lurralde osoan modu orekatuan banatu dadin lan egin behar dugu, gero eta familia gehiagok izan dezaten industria horren onura. Horregatik, bisitariak gure lurraldean barneratzeko proiektuak aurkezten saiatzen gara", gaineratu du.