Haizeteagatik, neurriak hartu dituzte herri batzuetan

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 8a, 11:15

Azpeititik Loiolara arteko errepidean zuhaitz bat bota du haizeak gaur. (Mailo Oiarzabal)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alerta laranja ezarri dute haizeteagatik, eta Azpeitian eta Zumaian neurriak hartu dituzte datozen orduetarako. Azpeitian Loiolako lorategiak itxi egin dituzte, eta Zumaian paoleko barra itxita dago atzotik. 

Euskalmetek iragarri duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haize bolada handiak izango dira datozen orduetan. Ondorioz, alerta laranja ezarri dute lurralde horietan, eta Urolako Kostako hainbat udalek neurriak hartu dituzte. Azpeitiko Udalak Loiolako lorategiak itxi ditu badaezpada ere; Udaltzaingoak itxi du ingurua, eta datozen orduetan ezingo da eremu horretan ibili. Zumaian, berriz, paoleko barra itxita dago atzo arratsaldeaz geroztik. 

Horrez gain, Zumaiako Udalak adierazi du dagoeneko harremanetan jarri dela herrian gauzatzen ari diren obrak tarteko, aldamioak, gruak eta bestelakoak jarrita dituztenekin, egitura horiek modu berezian heldu ditzaten eskatzeko. Brigada, Udaltzaingoa, lorezaintza zerbitzua eta UKUE –hondakinak eta edukiontziak kudeatzen dituen erakundea– lanean koordinatuta ari direla esan du erakundeak. 

Zumaiako Udalak herritarrei eskatu die neurriak errespetatzeko eta arretaz ibiltzeko, eta baita Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak jarraitzeko ere. Honakoak dira gomendio horiek:

Etxeetan hartu beharreko prebentzioko neurriak

  • Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
  • Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.

Kalean bazaude

  • Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.
  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
  • Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak saihestu.

Bidaiaren bat egin behar baduzu

Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu. Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz

Itsasaldearekin lotutako neurriak

  • Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
  • Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak.
  • Ez egin uretako kirolik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide