2024. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Guka.eus-ek joan berri den urtean ere –hemen ikus daitezke iazko albiste irakurrienak–. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Gukak 2024an ere. Guztira, 8.900 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, 24 albiste egunean, batez beste.
2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 564.182 bisita izan ditu Guka.eus-ek. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtebeteko epean, 60.000 bisita gehiago lortu ditu. Eta egunean, batez beste, 1.408 bisita izan ditu webguneak.
Azken urteetako joera berretsi egin da 2024an ere: Interneteko edukiak batez ere eskuko telefonotik irakurtzeko ohiturari eustsi egin diote herritarrek. Hala, erabiltzaileen %70ek baino gehiagok aukeratu zuten eskuko telefonoa Guka.eus webguneko albisteak irakurtzeko iaz.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak oso onak izan dira 2024an ere. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Azpeitia Guka, Azkoitia Guka, Zumaia Guka, Zarautz Guka, Orio Guka eta Guka– 9.942.528 bisita izan zituzten iaz, urtebete lehenago adina.