Abenduak 31 ditu bihar, eta usadioari jarraituz, San Silbestre lasterketak jokatuko dituzte herri askotan urte berriaren bezperan. Herri batzuetan probak kutsu serioagoa izaten du beste batzuetan baino, askok mozorrotuta edo Gabonetako txapelak soinean egiten baitute korri proba hori.
Urola Kostari dagokionez, eskualdeko herri batzuetan eguerdi partean egingo dituzte korrika saioak; hala nola Aian, Aizarnazabalen, Getarian, Orion eta Zumaian. Zarautzen, Zestoan eta Aian, berriz, arratsalde-iluntzean.
Dena den, Azpeitiko lasterketa izango da aurten ere korrikalari gehien bilduko dituena, baita sari potoloenak banatuko dituena ere.
Ondo bukatu, hobeto hasi lelopean egingo dute 23. San Silbestre lasterketa, Xeye atletismo taldeak antolatuta, eta eskuragarri jarritako 1.300 dortsalak agortu dira. Horietatik mila korrikalarik proba nagusia korrituko dute; izan ere, azken urteetan bezala, hainbat lasterketa egingo dituzte: lasterketa inklusiboa, lasterketa laburra eta lasterketa nagusia.
Lasterketa nagusia sei kilometrokoa izango da, eta 12:00etan hasiko da. Iaz bezala, ez da herrigunetik aldenduko, baina oraindik ez dute zehaztu zein izango den ibilbidea. Helmugan jan-edana egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Beste bi proba
Lasterketa nagusiaz gain, urtero bezala proba inklusiboa eta gaztetxoei zuzendutakoa ere jokatuko dituzte. Inklusiboa 11:00etan hasiko da, eta 300 metroko ibilbide izango du, ez da sailkapenik eta izen-ematerik egongo, eta haurrek nahiz helduek parte hartu ahal izango dute elkarrekin. Alde Zaharrean barrena egingo dute, eta urtero bezala, Txolarte, Marea Urdina eta Gautenako kideek irekiko dute lasterketa.
Proba laburrak hiru kilometro izango ditu, eta 11:30ean hasiko da. 12 urtetik gorako gazteei eta helduei zuzendutako proba da, eta lehen kilometroa kontrolatuta egongo da. Proba horren helburua da urteari "lagun artean eta giro onean" amaiera ematea.
Aurtengo berrikuntza iaz berrikuntza izan zenari lotuta dago; izan ere, 2024an aurrenekoz Sei kilometro, sei esaldi egitasmoa antolatu zuten Xeyeko kideek San Silbestre lasterketaren barruan. Modu horretan, lasterketako kilometro bakoitzari esaldi bat esleitu zioten. Aurten, berriz, esaldi horiei irudia jarriko diete, Sei kilometro, sei irudi ekimenarekin. Arte eta Diseinu Ikastegiko (ADI) ikasleek egin dituzte marrazkiok, eta datozen egunetan aurkeztuko dituzte.
Honako hauek dira irudiz jantziko dituzten esaldiak: Euskaraz eta elkarrekin, 2025era gogoarekin! (1. kilometroa), Etortzear dagoenarekin amestu (2. kilometroa), Ospatuz bukatu, gozatuz hasi (3. kilometroa), Aldapan gora, aldapan behera, iritsi gara helmugara (4. kilometroa), Antxintxike bukau eta laistreka hasi! (5. kilometroa), Ez da helmuga, bidaia da; eguneroko abenturaz goza dezagun, Zorionak 2025! (6. kilometroa).
Herriz herri
Hau da urtarrilaren 31n Urola Kostan herriz herri egingo diren San Silbestre lasterketen zerrenda:
Aia
- 17:00. Lasterketa nagusia, herriko plazatik hasita. Izen ematea 16:30ean egin beharko da, plazan bertan.
Aizarnazabal
- 12:00. Udaletxearen aurrean hasiko dute lasterketa. Aurrerago jakinaraziko dute izen ematearen informazioa.
Azpeitia
- 11:00. Lasterketa inklusiboa, plazatik hasita.
- 11:30. Lasterketa laburra, plazatik hasita.
- 12:00. Lasterketa nagusia plazatik hasita.
Getaria
- 11:00-11:45. Izen-ematea, plazan.
- 12:00. Lasterketa irekia.
- Jarraian. Helduen proba.
Orio
- 11:00. HH5etik beherako haurren proba (150 metro).
- 11:10. LH1 eta LH2 mailetako haurren lasterketa, Sarasua erretegitik helmugara. (300 metro).
- 11:20. LH3 eta LH4 mailetako haurren proba (600 metro).
- 11:30. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko haur eta gaztetxoen proba: buelta txikia (1.700 metro).
- 12:00. Helduen proba: buelta txikia eta handia (5.000 metro). Abenduaren 30ean, 22:00etan, itxiko dute inskribatzeko epea, eta nahi duenak dagoeneko badu horretarako aukera atarian.
Zarautz
- 17:00. Haurren proba, Musika Plazatik hasita.
- 18:00. Helduen proba, Musika Plazatik hasita. Izen ematea Helmuga kirolak dendan egin daiteke (5 euro) edo egunean bertan, plazan (10 euro).
Zestoa
- 17:00. 10 urtera arteko haurren lasterketa.
- Ondoren, 11 eta 15 urte bitarteko gazteen lasterketa (1.000 metro) eta proba nagusia (3.000 metro). Korrikalariek egunean bertan eman beharko dute izena, 16:00etatik 16:45era bitartean, plazan.
Zumaia
- 11:00. LH3 eta LH4ko haurrek 250 metro egingo dituzte, Alondegi aurretik Beheko plazara; LH5 eta LH6koek 1.100 metro, eta DBH1 eta DBH2koek 1.500, Beheko plazatik abiatuta eta plaza bertara itzulita.
- 11:30. Ipar martxako proba.
- 12:00. Proba nagusia eta patinatzaileena; Beheko plazan hasi eta bukatuko da. Izen ematea: Lubaki kiroldegian (943-86 20 21).