Zarautzen "urtebete baino gehiago" da anbulatorioko Pediatria zerbitzua plaza guztiak bete gabe lanean ari dela. 23.100 biztanle baino gehiago ditu udalerri horrek, eta hango anbulatorioko Pediatria sailari lau kupo dagozkio; ordea, gaur-gaurkoz, horietatik bi plaza eta erdi daude estalita, besteenak ez direlako ordezkatu. "Horrek esan nahi du Zarauzko ume eta gazte asko medikurik gabe daudela", azaldu du Maria Huegunek, Zarauzko gurasoetako batek. Hark eta beste hainbat lagunek sinadura bilketa hasi dute, Donostialdeako ESIko zuzendaritzak neurriak "lehenbailehen" har ditzan eskatzeko.
Zarauzko pediatren absentzia guztiak ordezkatzea da sinadura bilketa hasi dutenek eskatzen dutena. Izan ere, Huegunek azaldu du, pediatren plaza bat eta erdi bete gabe egoteaz gain, lanean direnen oporraldiak eta gaixo baimenak ere ez direla betetzen. "Duela bi aste medikuetako bat gaixo egon zen, eta bizpahiru egunean bakarra aritu zen lanean", jarri du hark adibidetzat. Egoera horrek hainbat arazo sortzen dizkie pazienteei; medikuek haiek artatzeko itxaron behar izaten duten denbora tarte luzea, esaterako: "Pazienteak, daukan medikuaren arabera, beharbada, otsailera arte ez du izango txandarik". Zenbaitetan, medikuarengana bideratu beharrean, erizainarengana zuzentzen dituztela azaldu du zarauztarrak, baina edonola ere, pediatria zerbitzurik ez dutela jasotzen salatu du hark. Sinadura bilketaren deitzaileen arabera, gainera, "atzerapen onartezinak" jasaten ari dira patologia akutuen eta kronikoen diagnostikoan, tratamenduan eta jarraipenean.
Egoeraren aurrean, familiek larrialdietara jotzea "beste aukerarik" ez dute izaten zenbaitetan, hori ez dela "irtenbidea" jakinagatik ere: "Zerbitzu batek ez duelako ongi funtzionatzen, beste batzuk ari gara kolapsatzen".
Pediatriako asistentzia "egokia eta lanaldi osokoa" beharrezkotzat jo dute sinadura bilketa hasi duten herritarrek, haurrak "osasuntsu" hazteko behar duten arreta izatea funtsezkoa dela iritzita. Izan ere, Zarauzko Pediatria sailaren egungo egoerak "egonezin handia" sortzen die familia askori, batez ere, gaixotasun larriak eta kronikoak, bihotz arazoak edota alergiak dituzten umeenei.
Medikuek pazienteen gaineko jarraipena egitea oinarrizkoa dela azpimarratu dute mobilizatzen hasi direnek, eta hori bermatzeko, gaixoek dagokien pediatrarengana, "konfiantzazko pertsonarengana", jo behar dutela azaldu dute. "Larrialdietara joateak esan nahi du behin eta berriz eman behar diegula umearen egoeraren berri, eta pediatrak behin eta berriz aldatzen dituztenean ere, horixe gertatzen zaigu. Familientzako oso nekagarria da horrela ibiltzea, eta pazientearen kasua larria bada, egoera are okerragoa da, familiek zailtasun handiagoak dituztelako dokumentuak lortzeko, tramiteak egiteko... Finean, anbulatorioko zerbitzuak horretarako daude, gertutasuna bermatzeko". Gaixoak larrialdietara joan beste aukerarik ez izateak, gainera, hainbat eragozpen sortzen dituela adierazi du gurasoak: "Deserosoa da larrialdietara joaten ibiltzea. Agian, umeari gertatzen zaiona ez da oso larria, baina egoera okertu edo larritu egin daiteke larrialdietara ez joatea erabakiz gero".
Familiei ez ezik, lanean diren profesionalei ere zuzenean eragiten die aferak, eta haien egoera ere "txarra" dela azpimarratu du Huegunek. Hain zuzen, pediatrek "gero eta denbora gutxiago" dute familiei arreta emateko, eta "izugarrizko apurua" izaten dute baimen edo gaixoaldiren bat hartzeko. Zarauztarren arabera, Osakidetzak pediatrei azaldu die arazoaren muina "mediku falta" dela, baina egoera konpontzeko "mugimendurik" egon ez denez, sinadurak biltzen hasi ziren joan zen astean. Digitalki hasi dira horretan, Change.es atarian, eta astebetean, 800 bat atxikimendu baino gehiago jaso dituzte. Dena den, erantzun zabalagoa behar dutela azpimarratu dute, emaitzak, gero, zonaldeko ESIra bidera ditzaten. "Egoerak aldatu egin behar du, bestela, hemendik gutxira lehertu egingo da. Horrela ezin dugu jarraitu, eta lehenbailehen erantzun bat izatea espero dugu".
Azkoitian, "bermatuta"
Zarautzen bezala, Azkoitiko osasun zentroan ere berez baino pediatra gutxiago daude lanean gaur egun. Osakidetzak GUKAri azaldu dionez, 900-1.000 paziente inguruko bi pediatria kupo daude hango anbulatorioan, eta "ratio egokia" dute. Ordea, gaur egun pediatra bat dago han lanean, bestea gaixo baimenarekin dagoelako, eta Osakidetzaren esanetan, lanean dagoen profesionalak bere gain hartzen du bi kupoen eskaera, erizaintzako taldearen zein Zumarragako Ospitaleko Pediatria zerbitzuak antolatutako laguntzarekin. Hala, pazienteen eskaera zein Haurren Osasun Programan sor daitezkeen "atzerapenak" bere gain hartzen ditu langile horrek.
Osakidetzaren arabera, beraz, Azkoitian "bermatuta" dago sortzen den "eskariari erantzutea", eta profesionalak "ezohiko erantzuna" ematen ari dira.