UEMAk bihar egingo du urte amaierako Batzar Nagusia Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 13a, 13:00

Urtean ohiko bi Batzar Nagusi egiten ditu UEMAk (UEMA)

Modelo aretoan egingo dute saioa, 10:00etan hasita. 2024ko balantzea eta 2025ko egitasmoak aztertzeaz gain, Aranoko eta Lekunberriko udalak mankomunitateko kide izateko eskaera onartuko dute.

UEMAko kide diren udaletako ordezkariek Batzar Nagusia egingo dute bihar goizean Zarautzen; Modelo aretoan izango da, 10:00etan hasita. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2024an bideratutako egitasmoen balantzea egingo du, eta, era berean, 2025erako ildo nagusiak eta ekimenak izango dituzte aztergai, beti ere UEMAren ohiko ildoak ardatz hartuta: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, hain zuzen ere.

Horrez gain, UEMAko kide izateko Aranoko eta Lekunberriko udalek egindako eskaera onartuko dute. Aurten kide izatea erabaki duten sei udaletatik bost Nafarroakoak dira. Urtearen hasieran, 107 udal ziren eta maiatzaren 18an Lesakan egindako batzar nagusian, lau udal berri gehitu ziren: Bakaiku, Ituren, Lakuntza eta Zegama. Azaroan, berriz, Aranoko eta Lekunberriko udalek erabaki zuten kide izatea.

Arano eta Lekunberri gehituta, 113 udal izatera iritsiko da mankomunitatea, guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Batzar Nagusian aipatu udalerri horietako guztietako alkateak eta zinegotziak elkartuko dira, eta Zarautz, 23.152 biztanlerekin, UEMAko kide handiena den udalerria da. Urola Kostan, Zarautzez gain, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zestoa eta Zumaia ere kide dira; Aia da salbuespen bakarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide