Eskualdeko lau proposamen, Gaztearen Maketa lehiaketako aurre finalisten artean

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 10a, 13:23

Eraldatzen eta UR talde azkoitiarrak, Skaregekasko getariarrak eta Ainhoa Urteaga kantautore zumaiarra hautatu dituzte lehiaketako hogei aurre finalisten artean. Etzira arte izango da finalistak aukeratzeko botoak emateko aukera.

Gaztea irratiak iragarri ditu aurtengo Maketa lehiaketako hogei aurre finalistak. Horien artean Urola Kosta eskualdeko lau proposamen daude: Azkoitiako Eraldatzen eta UR taldeak, Getariako Skaregekasko eta Ainhoa Urteaga kantautore zumaiarra.

Azkoitian 2022. urtean sortutako taldea da Eraldatzen. Erritmo gogorrak maite dituen taldea, punk rock, hardcore eta metal doinuen artean mugitzen da.

Azkoitikoak baita ere, musika estilo desberdinak jorratzen ditu UR taldeak. Disco, funk eta indie generoetan dantzatzen den hirukoa da UR, eta dagoeneko disko bat kaleratu du, 2021eko Baleak, hain zuzen ere.

Skaregekasko, berriz, 2023an Getarian sortutako proiektua da. Hamar taldekidez osatuta, beraien hitzetan, "mundu zaharra eta baserri giroa egunerokoarekin uztartzea” dute helburu. Ska eta reggaetik abiatuta, abesti dantzagarriak egiten dituen talde jendetsua da honakoa.

Ainhoa Urteaga zumaiarrak, berriz, kantautoretzat du bere burua. Txikitatik maite izan du musika, eta ordutik pianoa jo izan badu ere, azken urteotan aurrerapauso bat eman du eta jendaurrean abesten hasi da. 

Botoak ostegunera arte

Behin hautagaiak ezagutzera emanda, zabaldu dute dagoeneko botoa eman eta finalistak aukeratzeko epea. Egunean behin bozkatu ahal izango dute interesdunek. Botoa eman ahal izateko beharrezkoa izango da Gaztean erregistratuta egotea. Hemen dago abestiak entzuteko edota botoak emateko aukera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide