Beherakada egon da antxoa gazteen batez besteko biomasan, Aztiren ikerketen arabera

Julene Sorarrain 2024ko abe. 9a, 08:30

Azti zentro teknologikoko ikerlariak Bizkiako golkoan. (Azti)

Juvena kanpainak Bizkaiko golkoko antxoaren stock globalaren egoera osasungarria nabarmendu du, gazteen estimazioak behera egin duen arren. 

Azti zentro teknologikoak eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak elkarlanean Juvena kanpaina sortu dute, Bizkaiko golkoan antxoaren eta beste espezie pelagiko batzuen populazioa aztertzeko helburuarekin.

Emaitzen arabera, antxoa gazteen biomasa 255.434 tonakoa da. Denbora-serie historikoaren barruan, balio ertain-baxua mantentzen du, baina 2019, 2020 eta 2021eko datuekin alderatuz, balio altuagoa du. 

Jaitsiera horren aurrean, 2025eko arrantza-denboraldian erreklutamendua aurreikusteko adierazle positiboak ere badaude. Batetik, gazteen batez besteko tamaina (9,7 cm) kanpainen hasieratik erregistratutako bigarren handiena izan da. Bestetik, antxoa helduen biomasa maila altuan mantendu da, 245.825 tonatan, eta, oro har, stockaren egoera osasuntsuaren ebaluazioa indartu egin da.

Juvena kanpaina Aztik eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO) koordinatzen dute, eta Espainiako Gobernuko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren babes finantzarioa du. Erakunde horiek babes tekniko eta metodologikoa eskaini diote azterlanari, "emaitzen zehaztasuna eta arrantza-kudeaketan duten erabilgarritasuna" bermatzeko.

Antxoa gazteek Frantziako kostaldeko plataforma kontinentalera egin duten desplazamendua izan da ikerketako alderdi nabarmenetako bat. Izan ere, Kantauriko uretan presentzia minimoa izan du espezieak. "Jokabide horrek eskualdeko baldintza ozeanografiko espezifikoen eragina izan dezake, eta hori funtsezkoa da populazio-dinamikak ulertzeko", azaldu du Guillermo Boyra Aztiko arrantza jasangarrietan adituak eta kanpaina zientifikoaren zuzendariak.

Lortutako kalkulua joan den astean baliozkotu zen Europako hego-mendebaldeko ebaluazio kanpainak berrikusteko lantaldean (WGACEGG). Ikerketaren emaitza antxoaren kudeaketarako kontseilu zientifikoan sartu dute, hurrengo urterako espeziearen harrapaketa onargarriak zehazteko.

"Kanpainaren emaitzak udaberriko kanpainen datuekin eta antxoaren urteko harrapaketen informazioarekin konbinatuko dira, indize sintetiko bat sortzeko. Hortik abiatuta, hurrengo urterako harrapaketa-gomendioak egingo dira, arrantza jasangarri eta arduratsua sustatzeko kudeaketa-sistema sendo baten bidez", gehitu du Boyrak.

Iraunkortasunerako ikuspegi ekosistemikoa

Juvena kanpainak, antxoaren biomasa eta banaketa ebaluatzeaz gain, arrantzarako eta ekologiarako interesa duten beste espezie pelagiko batzuk ere aztertu ditu.

Era berean, planktonarekiko eta goi-mailako harrapariekiko interakzioak ikertu dituzte. Kanpainan guztira 908 itsas ugaztun eta 4.273 itsas hegazti erregistratu dira. Itsas zaborrei dagokienez, 2024an hondakin plastikoen presentziaren gorakada antzeman dute, azken urteetan erregistratutako mailen gainetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide