Euskararen Eguna da abenduaren 3a, asteartea, eta egunari lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte asteburu honetarako Getarian eta Zarautzen.
Zarautzen, gaur izango da lehen hitzordua, klown bertso saioa egingo baitute 20:00etan, Modelo aretoan. Bertsoa eta klowna uztartzen dituen saioan parte hartuko dute Andoni Egaña, Libe Goenaga eta Iñigo Mantzisidor Mantxi bertsolariek. Klown lanetan, berriz, Beatriz Egizabal umoregileak jardungo du. Saiorako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira saioa hasi baino ordubete lehenago, Modeloko leihatilan.
Igandean, 18:00etatik aurrera, Eingo erromeria taldeak dantzan jarriko ditu Musika Plazara gerturatzen diren guztiak. Horrez gainera, igande goizean jokatuko den 45. Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketarako sortu dituzten kamisetekin keinu egingo diote euskarari, Zarauzko Udaleko Euskara sailak babestuta.
Azken urteetan egin duten moduan, aurten ere Zarauzko ikastetxeetan hainbat ekintza egingo dituzte Euskararen Egunari lotutakoak. Horien artean, ikasleek aurkeztutako pegatinak eta bideoak sarituko dituzte gaur, 13:00etan, Etxezabalako bilera aretoan.
Horrez gain, betiko dinamikari jarraituz, herriko ikasleek Goazen Antzerkira programaz, Euskal Musikagintzaren Historia hitzaldiaz, Apaxi ipuin kontalariaz eta Bizkarsoro filmaz gozatu ahal izango dute; adin eta mailaren arabera.
Getarian, bihartik aurrera
Zarautzen ez ezik, Getarian ere hainbat ekintza antolatu dituzte Euskararen Eguna ospatzeko. Batetik, bertso-poteo musikatua egingo dute, 90eko hamarkadako punk doinuekin, 19:00etan hasita, plazan. Bertsotan Aissa Intxausti eta Unai Iturriaga ariko dira, eta musikariak, berriz, Pello Belaskoain eta Josu Lizarraga izango dira.
Igandean ere musika izango da protagonista, kantujira egingo dutelako Getariako Salbatore Abesbatzako lagunekin. Hitzordua 12:30ean da, plazan.
Hurrengo saioak Euskararen Egunean bertan egingo dituzte Getarian, abenduaren 3an. Batetik, 15:00etan, Iturzaeta Herri Eskolako ikasle eta irakasleak plazara jaitsiko dira Euskararen Eguna ospatzera, kalejiran. 15:30ean, ekitaldia hasiko da: aurkezpena, bertsoak, kantak eta dantza izango dira, herriko plazan.
18:00etan, berriz, Apaxi mendian saioa eskainiko du Apaxi ipuin kontalariak, Berdura Plazan.