Ez dago merke mailaz igotzeko txartela

Julene Frantzesena 2024ko aza. 15a, 08:45

Ezkerretik eskuinera, Larrañaga, Txikia IV.a txapelduna eta Otaño, uztailean, Gipuzkoako Txapelketaren podiumean. (Ibon Errazu)

Bi aizkolarik lortuko dute etzi, Azkoitian, datorren sasoian aizkorako maila gorenean lehiatzeko eskubidea. Hiru faborito daude, hirurak eskualdekoak: Txikia IV.a azkoitiarra, Larrañaga azpeitiarra eta Otaño beizamarra.

Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute igandean Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Maila horretan aritzen diren sei aizkolari ariko dira nor baino nor lehian, 12:00etatik aurrera, eta kirolari horietako hiru eskualdekoak izango dira: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarekin, Eneko Otaño beizamarrarekin eta Mikel Larrañaga azpeitiarrarekin batera ariko dira enbor ebakitzen Ugaitz Mugertza, Iban Resano eta Yulen Aranberri.

Txapela ez ezik, lehen mailara igotzeko bi txartel izango dituzte horiek jokoan. Hain zuzen ere, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko azkarren ebakitzen dituzten bi kirolariak maila gorenean ariko dira datorren denboraldian. Ez da, beraz, nolanahiko lehia izango; ez da merke izango mailaz igotzeko txartela. Faborito nagusiak eskualdeko hiru aizkolariak dira, baina horietako bik soilik izango dute datorren denboraldian gorengo mailan aritzeko parada; hirugarrenak datorren denboraldiaren zain geratu beharko du. Hori dela eta, lehia "estua" izango dela aurreikusten du Otañok. "Mugertza ere hor dago, baina lehia gogorrena Larrañagaren, Txikia IV.aren eta nire artean egongo delakoan nago. Dena den, faborito garbienak beste biak dira; ni hor nabil beti horien atzetik. Halere, estutzeko ahala badudala uste dut, eta ezustekoa eman eta horiei aurrea hartzeko helburuz aterako naiz lanera".

Larrañagak, ehuneko ehunean ez badago ere, "lan txukuna" egiteko gai izango dela uste du. "Espero dut sailkapeneko aurreneko bi postuetako batean kokatzea eta mailaz igotzea. Lehia estua izango da, ordea, denok nahi baitugu mailaz igo". Txikia IV.ak "ondo" ikusten du bere burua finalaren atarian. "Iraupen erdiko lana izango da igandekoa, eta horrek indartsu egotea eskatzen du. Horretara bideratu dut prestakuntza, eta uste dut nahiko puntu onean nagoela». Hala eta guztiz, Otañok esandako gisan, lehia "estua" izango dela uste du. "Lan motza izango da, oso leherkorra, eta askotan segundo batzuen galerak eragina izan dezake azken emaitzean". Ikuskizun dago, beraz, zein bi kirolarik lortuko duten lehen mailarako txartela.

"Onik ez"

Ezpal elkarteko kideek Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketetan berriro lehiatzen hastea erabaki zuten iazko sasoian, eta ondorioz, maila baxuenetik hasi behar izan dute berriro txapelketetako ibilbidea Txikia IV.ak, Otañok eta Larrañagak. Otañok esan duenez, bere garaian federazioarekin izan zuten iskanbila konpontzen eta gauzak bere bidera ekartzen ari dira: "Urte bat gorabehera –aurten bi igoko dira mailaz eta datorren urtean beste bi–, ea bakoitza bere postura itzuli eta bere mailan aritzen den". Larrañagak ere ildo beretik hitz egin du: "Urte batzuren buruan dena lehengoratuko dela uste dut, baina pena da gazteei lehiaren antolaketa honek eragiten dien atzerapena; izan ere, lehen aurreneko eta bigarren mailetan ziren aizkolari asko hirugarren mailan daude orain, eta gazteek oso zaila dute horiei irabaztea".

Txikiak IV.ak adierazi duenez, beraientzat urte bat edo biko prozesua izango dena, askoz ere luzeagoa izango da beste aizkolari batzuentzat: "Aurreko aldean gabiltzanongan ez du izugarrizko eraginik izango mailaz igotzeko jarri duten sistemak, baina belaunaldi berriengan bai. Izan ere, dagoeneko Urrezko Aizkora Txapelketan ari diren zenbait gaztek badute bigarren mailan aritzeko adinako maila, baina horiek hirugarren mailatik igotzeko aukera izateko bospasei urte pasatu beharko dute". Haren hitzetan, aizkolaritzarentzat "kaltegarria" izan daiteke hori. Larrañagak ere hala uste du: "Aldaketa honek ez dio onik ekarri kirolari".

Azkoitiarrak azaldu duenez, aizkolariak mailakatzeak eragin zuzena du lehiaren mailan. "Bigarren mailako finalak beti piztu izan du ikusmina, baina aurten are gehiago piztuko duelakoan nago. Izan ere, aurrean, mailaz igo nahian, bagaude zenbait aizkolari. Lehen mailako finalak, berriz, ikusgarritasun handia izan behar luke, baina urtez urte galtzen joan da zera hori".

Igandeko finala jokatuta, urte bukaeran jarriko dute arreta aizkolariek. Izan ere, Luis Mari Bengoaren oroimenezko txapelketaren sailkapen faseari ekingo diote. Hori izango dute urteko azken hitzordu garrantzitsua puntan aritzen diren aizkolariek.

Erakustaldia eta sarrerak

Aizkolarien finala ez ezik, harri jasotzaileen erakustaldia ere izango da igandean Gurean, herri kirol jaialdia borobiltzeko. Aritz Aranguren Norde azkoitiarra eta Urdax Magunazelaia ariko dira harri jasotzen.

Herri kirol jaialdirako sarrerak, berriz, igandean bertan jarriko dituzte salgai Gureako leihatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide