Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute igandean Azkoitian

Ane Olaizola 2024ko aza. 12a, 16:00

Mikel LarraƱaga, iaz, Urrezko Kopan. (Ibon Errazu)

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Eneko Otaño beizamarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Ugaitz Mugerzak, Iban Resanok eta Yulen Aranberrik neurtuko dituzte indarrak, Gurea pilotalekuan. Aritz Aranguren Norde azkoitiarrak eta Urdax Magunazelaiak, berriz, harri jasotze erakustaldia eskainiko dute. 

Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finalak hartuko du Azkoitiko Gurea pilotalekua datorren igandean, eta maila horretan lehiatzen diren aizkolariak nor baino nor arituko dira lehian, 12:00etan hasita. Hain zuzen, honako zazpi aizkolari hauek jokatuko dute finala: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Eneko Otaño beizamarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Ugaitz Mugerzak, Iban Resanok eta Yulen Aranberrik.

Bi kanaerdiko, bi hiru ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte horiek, eta aurreneko bi postuetan geratzen direnek lehenengo mailan jokatuko dute datorren denboraldian. Izan ere, Ezpal elkarteko kideek Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketetan berriro lehiatzea erabaki zuten iazko sasoian, eta kategoria baxuenetan lehiatzen hasi behar izan zuten aizkolari horiek berriro orduan. Hain zuzen, iaz bigarren mailara igo ziren Larrañaga eta Txikia IV.a, eta orain, gorengo mailara jauzia emateko lehiatuko dira.

Azkoitiko saioa borobiltzeko, gainera, harri jasotzaileek ere parte hartuko dute igandean, eta Aritz Aranguren Norde azkoitiarrak eta Urdax Magunazelaiak erakustaldia eskainiko dute.

Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, pilotalekuko leihatilan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide