Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken final laurdena jokatu dute gaur, igandea, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan, eta saioa bukatuta, argitu da zein bertsolari ariko diren finalaurrekoetan. Nerea Elustondok irabazi du saioa, eta zuzenean sailkatu da finalerdietara, baita gainerako lau final laurdenetako saioen garaileak ere; beste hamabi bertsolarik, berriz, puntuazioz egin dute aurrera. Hain zuzen, horietako lau dira Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Aner Peritz zarauztarrak, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Oier Etxeberria azpeitiarra. Aitor Salegi eta Jon Gurrutxaga, berriz, lehiatik at gelditu dira.
Gaurko saioan parte hartu dute Mantxik eta Gurrutxagak, baina ez da bientzat arratsalde oparoa izan; izan ere, Gurrutxaga azpeitiarrak ezin izan du final laurdenetako langa gainditu –460 punturekin, seigarren egin du gaurko saioan–; Mantxik, berriz, lortu du hurrengo faserako txartela. Zarauztarrak laugarren egin du Tolosan, 473,5 puntu poltsikoratuta. "Sentipena dut akats tontoak egin nituela, egindakoa, gehiegi aldatu gabe, hobetu zitekeela; nire buruarekin barne borroka daukat horretan. Gainontzean, beste bertsolariak oso fresko ikusi nituen; lehenengo txapelketa duen gazte kuadrilla bat badago txapelketan, izugarrizko maila ematen ari dena, eta finalerdietan ere ziurrenik gerra emango du".
Orain arteko lanarekin gustura azaldu da zarauztarra, eta lasaiago ere bai, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako txartela lortu duelako. Zarauztarrak bete du aurtengo txapelketan bere buruari jarria zion erronka, haren helburua baitzen finalerdietara iristea, eta lortu du. "Finalerdietatik aurrerakoak hitz potoloak iruditzen zaizkit; beti esaten dut eskailerak banaka igo behar direla, baina azken eskailera altu xamarra iruditzen zait".
Finalerako sailkapena, berriz, "irekita" aurreikusten du Mantxik. "Finerako lau izen nahiko segurutzat jotzen ditut, edozer gauza gerta daitekeen arren. Beste lau finalistak, ordea, oso irekita ikusten ditut. Sorpresak egon daitezke, eta zentzu horretan, aurtengo finalerdia oso interesgarria eta polita izango da".
Etxeberriak eta Peritzek ere lortu dute lehian bizirik segitzea. Pozik azaldu da Etxeberria hurrengo fasera igaro delako, baina "merezi izanagatik" lehiatik kanpo geratu direnekiko, "penatan". Azpeitiarraren arabera, orain arteko bidean "denek" erakutsi dute maila txukuna, eta "edonork" zuen finalerdietara igarotzeko aukera. "Txapelketan aurrera egiteko guztiek egin dute merezimendua, baina maiz zortea ere behar izaten da halako txapelketetan, eta nire kasuan alde izan dudala uste dut. Lasarteko zein Azkoitiko saioetan nahiko lan txukunak egin nituela iruditzen zait, aparteko distirarik gabe baina ariketa denetan txukun arituta".
Etxeberriaren arabera, orain beste dimentsio bat hartuko du txapelketak, hain zuzen saioek bestelako formatu bat hartu eta aretoetatik kiroldegietara zein frontoietara igaroko direlako, eta azpeitiarrak aitortu du ez dagoela ohituta halako dimentsioetan abestera. "Nire helburua da testuinguruak, entzuleek zein finalerdiak eskatzen duen maila eman ahal izatea".
Peritz ere pozik da finalerdietan delako, baina onartu du aurreko saioetan egindakoarekin "oso gustura" ez dagoela, "sufritzen" ibili zelako. Zarauztarra aurrenekoz ari da parte hartzen Gipuzkoako lehian, eta "nahikoa lorpen" da harentzat finalerdietara iristea. "Finala handi ikusten dut, eta ez dut inongo helbururik postuei dagokienez. Nire asmoa da saio on bat egin eta zapore gozoarekin geratzea".
Artetxek, berriz, joan zen astean eskuratu zuen finalerdietarako txartela, saio baten faltan nahikoa baitzitzaizkion Irunen batutako puntuak. Azkoitiarrak urteak zeramatzan txapelketan parte hartu gabe, eta hark azaldu du "ezustekoa" izan dela finalerdietara sailkatzea: "Duela urtebete prestatzen hasi ginenean, ez nuen espero honaino iristerik. Baina, txapelketa aurrera joan ahala, bertsotan gustura aritu naiz eta aukerak ikusten nizkion nire buruari". Bertsolaria helburuak "ondo beteta" iritsi da finalerdietara, eta aurreratu du "lanerako jarrerarekin" baina "jolaserako prest" izango dela hurrengo saioan: "Nahi dudan bakarra da niretik eman, ariketa bakoitzean zerbait utzi eta batez ere gozatzea, bertso kideekin saio on bat osatu ahal izatea".
Finalerdietarako prest
Hurrengo fasera sailkatu diren hemezortzi bertsolariek hiru saiotan abestuko dute, seinaka. Lehena Oiartzunen izango da azaroaren 17an, eta han kantatuko du Etxeberriak. Harekin batera izango dira agertokian Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola eta Nerea Elustondo.
Bigarrena, berriz, Zarautzen izango da azaroaren 24an, eta finalaurreko horretan Artetxe eta Peritz izango dira agertokian; Peritzek etxean kantatuko du, beraz. Haiekin batera kantatuko dute Alaia Martinek, Amaia Iturriotzek, Eneko Araiztegik eta Unai Mendizabalek.
Mantxik, berriz, hirugarren eta azken finalerdian kantatuko du, Arrasaten. Kantukide izango ditu zarauztarrak Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Maider Arregi eta Oihana Iguaran.
Dagoeneko salgai daude saio horietarako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian. Hiru saio horietatik zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben izango den finalera.