Eneritz Artetxek Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu du

Julene Frantzesena 2024ko urr. 27a, 20:13

Eneritz Artetxe final zortzirenetako saioan. (Bertsozale.eus)

Oihana Iguaranek irabazi du saioa, 517 punturekin, baina Artetxe hirugarren sailkatu da 476 puntu batuta. Behin-behineko sailkapenean bederatzigarrena da, eta hemezortzi bertsolari pasatu dira finalerdietara. Aner Peritzek eta Oier Etxeberriak azken final laurdenaren zain egon beharko dute aurrera egingo al duten jakiteko, eta Aitor Salegik ez du finalerdietan sartzeko aukerarik. Jon Gurrutxagak eta Iñigo Mantzizidor Mantxik datorren igandean abestuko dute Tolosan.

Eneritz Artetxek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu du gaur Irunen jokatu duten final laurdenetako saioan. Oihana Iguaranek irabazi du saioa (517 puntu eskuratu ditu), baina Artetxek, hirugarren eginagatik, hurrengo faserako behar adina puntu eskuratu ditu: 476.

Lortutako puntuak tarteko, final laurdenetako saio baten faltan –datorren asteburuan izango da Tolosan–, bederatzigarrena da sailkapen orokorrean. Orotara, hemezortzi bertsolari pasatuko dira finalerdietara; bost saioa irabazita eta beste bederatzi puntuazioaren arabera. Beraz, datorren asteko sei bertsolariek Artetxek baino puntu gehiago batzen badituzte ere, azkoitiarra hurrengo fasean izango da.

Gaurko saioan Iguaran aise nagusitu da; izan ere, bigarren sailkatuari, Amaia Iturriotzi puntu batzuen aldea kendu dio, baita beste bertsolariei ere: Iturriotzek 484,5 puntu eskuratu ditu, Artetxek 476, Eñaut Martikorenak 468,5 puntu, Aner Peritzek 465,5 puntu eta Iñaki Apalategik 446 puntu.

Peritz zarauztarra ere hurrengo fasera sailkatzeko aukerekin dago, nahiz eta Tolosako saioko emaitzen zain egon beharko duen. Hark lortu dituen puntuekin, gaur-gaurkoz, hamalaugarrena da final laurdenetako sailkapen orokorrean, eta hurrengo fasera hemezortzi igaroko dira.

Finalerdietarako ez ezik, hurrengo fasera igarota, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela ere eskuratu du Artetxek. Beraz, hala nahi badu, 2026an lehia horretan abesteko parada izango du azkoitiarrak.

Zain daude

Eskualdeko bertsolari batzuek dagoeneko abestu dute final laurdenetan eta beste batzuek Tolosan izango dute hitzordua datorren igandean. Aitor Salegi zestoarrarentzat, adibidez, bukatu da lehia; Andoainen batu zituen puntuak ez zaizkio aski aurrera egiteko. Bestelakoa da Oier Etxeberria azpeitiarraren kasua; izan ere, ez daki atzo Azkoitian lortu zituen 468 puntuak nahikoa izango ote zaizkion txapelketan segitzeko. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak igandean dute hitzordua; Tolosako saioa baliatu beharko dute behar adina puntu lortu eta finalerdietara sailkatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide