Eskualdeko hainbat enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Re-Think Industry ekimenean parte hartu dute

Iraia Oteiza

Re-Think Industry jardunaldian parte hartu duten enpresetako ordezkariak eta aldundikoak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Eraldaketa digitala, jasangarritasuna, belaunaldi erreleboa eta proiektuen hazkundea jorratu dituzte Donostian egin duten jardunaldian.

Donostiako Kursaalean egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Re-Think Industry jardunaldia. Enpresa txiki eta ertainen aurrerapen eta erronka nagusiak mahai gainean jartzea du helburu jardunaldiak, haien posizio lehiakorra indartzeko aukera izan dezaten. Lurraldeko enpresa, eragile eta elkarteetako 550 ordezkari baino gehiago elkartu dira ekimenean, besteak beste, eskualdeko Domusa Teknik, Biele, Ekintza Mekanizatuak edota OKIN enpresetakoak.

Lau mahai-inguru nagusi egin dituzte jardunaldian, eta bertaratutakoek lurraldeko enpresa erreferenteen jarduna bertatik bertara ezagutu ahal izan dute, Urola Kostako aipatutako lau horienak barne, kasu arrakastatsu horien ikaskuntza beren ibilbide partikularrean txertatuz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide