Ekintzaile eta enpresa berrientzako ikastaroa eskainiko du UKUEk azaroan zehar

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 30a, 16:00

Pertsona batzuk paperei begira.

Ikastaroa azaroko lau astearteetan emango dute, eta saio bakoitza lau ordukoa izango da. Helburu nagusiak proiektuen bideragarritasuna hobetzeko eta lege eta betebeharrak betetzeko ezagutza eskaintzea da, eta ekintzaileei eta enpresa proiektua hasi berri dutenei bideratuta dago. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) enpresa kudeaketarako funtsezkoak diren hainbat tailer praktiko eskainiko ditu azaroan zehar, ekintzaileei eta enpresa proiektua hasi berri dutenei laguntzeko. Besteak beste, proiektuen bideragarritasuna hobetzeko eta lege eta zerga betebeharrak betetzeko ezagutza jasoko dute parte hartzaileek.

Ikastaroak, zehazki, azaroko astearteetan izango dira, hurrengo astean bertan hasita. Izena emateko epea zabalik dago UKUEren webgunean edo elkartearekin harremanetan jarriz. Tokia mugatua denez, ahalik eta lasterren izena ematea gomendatu dute.

Udal elkarteak azaldu du enpresen kudeaketan esperientzia handia duen profesional talde batek emango dituela eskolak, eta horiek alde teorikoa zein praktikoa edukiko dutela.

Saioak aurrez aurrekoak izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, baina beharrezkoa izanez gero, prestakuntzak online formatuan jarraitzeko aukera ere eskainiko da, saioak grabatuz eta urruneko sarbidea erraztuz.

Honakoa da ikastaroaren egutegia eta gaia. Saio guztiek iraupen bera izango dute, lau ordukoa:

  • Azaroak 5, asteartea: Forma juridiko eta eratzeko irizpideak. 
  • Azaroak 12, asteartea: Betebehar fiskalak.
  • Azaroak 19, asteartea: Langile autonomoen erregimen berezia.
  • Azaroak 26, asteartea: Enpresaren kudeaketa ekonomikoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide