Aizkorako lehen mailako Euskal Herriko Txapelketaren finalean aritu zen atzo Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. Gasteizko Iradier Arenan lehiatu zen aiarra, beste bost aurkariren kontra: Hodei Ezpeleta, Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia, Joxean Etxeberria eta Iker Vicente.
Azken horrek jantzi zuen txapela, 35 minutu eta 39 segundoko denborarekin, eta bosgarren postuan sailkatu zen Izeta VI.a, 46 minutu eta 54 segundoko markarekin.
Arrria II.ari aitortza
Eskualdeko ordezkari bakarra izan zen Izeta VI.a atzoko finalean, baina Urola Kostako beste kirolari ohi bat protagonista izan zen atarikoan.
Izan ere, Jose Ignazio Orgebozo Arria II.ari omenaldia eskaini zioten finala hasi aurretik, Azpeitiko txapeldunak "aizkorari eman dion guztiagatik". Finalistak han zain zituela, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidente Igor Duñabeitiarekin sartu zen Arria II.a kiroldegiko kantxara. Finalistak banan-banan agurtu ondoren, Duñabeitiak txapela jantzi zion Arria II.ari, eta dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu zion.