Adinekoek bertsoez gozatzeko aukera izango dute egoitzetan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 27a, 13:00

Bi bertsolari kantuan, Adin-adin egitasmoko saio batean.

Bertso bira egitasmoa jarri dute abian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk. Eskualdean, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako egoitzetan izango dira saioak. Bihar bertan izango da lehen saioa Zumaiako Otezuri zentroan.

Adin-adin egitasmoari lekukoa hartuko dio aurten Bertso Birak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bertsoak adinekoen egoitzetara eramateko sortu duten egitasmo berriak. Haien arabera, programaren helburua da bertsolaritzaren bidez "adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta haien gaitasun kognitiboak sustatzea, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat" dela kontuan izanda.

Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuaren iritziz, bertsolaritza oso tresna indartsua da adinekoen emozioekin konektatzeko, "hizkuntzari eta nortasunari lekua emateko". Saioek, entretenimendua eskaintzeaz gain, musikaren eta bertsoen bidez oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen laguntzen dutela adierazi du hark, eta hori "oso onuragarria" dela egoitzetako erabiltzaileen ongizate emozionalerako eta kognitiborako.

Ekimenak urte hauetan arrakasta izan duela nabarmendu dute haren sustatzaileek, eta saioak egiteko prest gero eta egoitza gehiago aurkeztu direla ere azpimarratu dute. Hala, datozen asteotan 30 saio egingo dituzte Gipuzkoako egoitzetan. Urola Kosta eskualdeari dagokionez, Azkoitiko San Jose egoitzan, Azpeitiko San Martin egoitzan, Zarauzko Santa Ana egoitzan, Zestoako San Juan egoitzan eta Zumaiako San Juan egoitzan eta Otezuri zentroan egingo dituzte. Azken horretan egingo dute zikloko lehen saioa, bihar, astelehena; 11:00etan hasita, Jon Maia eta Libe Goenaga ariko dira kantuan.

Bertso saioak eskualdean

  • Azkoitia, San Jose egoitza: azaroak 7, osteguna, 17:00etan. Bertsolariak: Eneritz Artetxe eta Millan Telleria.
  • Azpeitia, San Martin egoitza: azaroak 15, ostirala, 16:30ean. Bertsolariak: Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Julene Iturbe.
  • Zarautz, San Juan egoitza: azaroak 15, ostirala, 17:00etan. Bertsolariak: Andoni Egaña eta Aner Peritz.
  • Zumaia, Otezuri egoitza: urriak 28, astelehena, 11:00etan. Bertsolariak: Jon Maia eta Libe Goenaga.
  • Zumaia, San Juan egoitza: azaroak 4, astelehena, 11:00etan. Bertsolariak: Libe Goenaga eta Jon Maia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide