Gaurtik azaroaren 14ra bitartean eskatu ahalko dira Nafarroako produktuekin osatutako Errigoraren saskiak. Saski beltza 55 eurotan erosi ahalko da, saski berdea 65 eurotan, eta gorria 75 eurotan. Saski bakoitzak, gainera, berrikuntzak izango ditu produktuetan. Hala, saski beltzean ilarrak eta tomate naturala gehitu dituzte, saski berdeari txokopipitak erantsi dizkiote, eta saski gorrian ardo zuria, mantekadak eta turroia aurkitu ahalko dira.
Hona hemen saski bakoitzak izango dituen produktuak zehaztuta:
- Saski beltza (55 €): piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomate naturala, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
- Saski berdea (65 €): piperrak, zainzuriak orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, eko teilak eta haritz ardo beltza.
- Saski gorria (75 €): Rose ardo apartsua, kriantza ardo beltza, ardo zuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molinerito-ak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi gazta.
Saskiekin batera, produktu berri bat kaleratu du aurten Errigorak: Agertuz karta jokoa eskatu ahalko da, 5 euro gehiago ordainduta. Arduradunek garbi utzi nahi dute, ordea, jokoa gehigarri bat dela, eta, beraz, ezingo dela soltean eskatu. Hau da, saskiarekin batera eskatu ahal izango da.
Ager eremuan indarra
Auzolanari esker da eta hala izaten jarraituko du Errigorak. Haren sustatzaileek diote lurraldeak batuz indarrak biderkatzeko aldia dela Agerreko uzta euskarari puzka kanpaina. Hala, lurrak emandako uztaz osatutako saskiak salduz lortutako diruarekin emango dituzte Ager eremuan hemendik aurrerako pausoak. Izan ere, eremu horretan ari da Errigora euskarari lurra ematen azken urteetan; euskaltegietan, ikastetxeetan... "Ager eremuan euskara hasia da loratzen, eta horregatik jarraitu behar dugu ureztatzen, indarrez eta osasuntsu hazi dadin. Mugatu eta apaltzea helburu duten sasien azpitik eta lainoen gainetik, lorpen txikiak ospatuz euskarari merezi duen tokia emateko lanean jarraituko dugu", adierazi dute.
Eskaerak
Saskiak eskatzeko epea. Azaroaren 14ra artekoa da.
Internetez. Errigora.eus atarian eskatu behar dira.
SASKIAK JASOTZEKO
Azkoitian. Kultur Etxeko hirugarren solairuko areto nagusian; azaroaren 28an, 18:00etatik 20:00etara, eta 29an, 11:00etatik 13:00etara.
Azpeitian. Abenduaren 2tik aurrera, Elikagunean eta Azpeitiko Ikasberri ikastolan, beren ohiko ordutegian.
Getarian. Eskualtxeta eraikinean, azaroaren 28an, 16:00etatik 20:00etara.
Orion. Orioko Herri Ikastolan, azaroaren 29ko arratsaldetik aurrera, ikastetxeko ordutegian.
Zarautzen. Azaroaren 28an, 17:00etatik 20:00etara, eta azaroaren 29an, 12:00etatik 14:00etara. Lekua zehaztu gabe dute.
Zestoan. Zestoako AEK euskaltegian, azaroaren 28an, 16:00etatik 19:00etara, eta 29an, 09:30etik 12:30era.
Zumaian. Kofradia azpian (Justa taberna izandako lokalean), azaroaren 29an, 18:30etik 20:00etara, eta azaroaren 30ean, 11:30etik 13:30era.
*Inork bertaratu ezingo balu, eskertuko lukete abisatzea.