Telefonoz deika gabiltza Lurraldebusera (900-30 03 40), baina ez dabil. La Guipuzcoana enpresara deitzea alferrikakoa denez, eta eskualde osoari eragiten dion egoera denez, UK01 autobus lineari buruzko kexa Gukan zabaltzea erabaki dugu.
Jakina da gero eta jende gehiagok erabiltzen dugula garraio publikoa. Baina azken aldian, antolakuntza falta izugarria dela eta, orduak ez dira errespetatzen eta berandu iristen gara gure lantokietara, unibertsitatera eta mediku hitzorduetara, besteak beste. Batez ere, goizeko orduetan. Izan ere, goizetan, langileak, ikasleak eta mediku kontsultetara doan jendea dabil aipaturiko garraioan, eta ez dugu malgutasunik ordutegiarekin. Asteartean, esaterako, Azkoitiko geltokira hamar minutuko atzerapenaz iritsi zen autobusa, eta bidaian denbora murriztu ordez, gehitu egin zen denbora tarte hori. Asteazkenean, bestalde, ordurako iritsi da autobusa Azkoitiko geltokira, baina Azpeitian bete egin da, eta orduan, Zestoako zortzi pertsona eta Lasaoko hiru, ordu erdiz geltokian autobusaren zain gelditu dira. Haiekk kexuka ziren, noski, gidariak esan dielako ez dagoela errefortzuko autobusik eta hurrengoaren zain gelditu beharko zutela. Kexu horiek dakartena, ordea, zera da: barruan goazenok berandu iristea, eta, noski, beraiek ere bai. Bestalde, gidariak egunero telefonoz dabiltza, euren autobusetan zenbat jende daramaten galdetzeko elkarri deika.
Gauzak horrela, noizko arazo horientzako irtenbideak? Ez al dago makinarik edo autobusera igo aurretik tiketa erosteko baliabiderik? Herritar guztiok, izan Azkoitiko nahiz Zestoako, aukera berdinak izateko, bidaiarion denbora aurrezteko, gidariak sakelako telefonoarekin ez aritzeko (gidaria gidatzen ari denean gure bizitzak arriskuan jarriz)...
Antolakuntza falta izugarria dago. Batzuetan hiru autobus ateratzen dira ordu baterako, eta hurrengoan, aldiz, bakarra.... Batzuetan ezin da aurreikusi jende kopurua, eta horri beste irtenbide bat eman behar zaio, ezinezkoa da ustezko planifikazio batekin aritzea, ikusita, gainera, ez duela beti funtzionatzen. Ezin da jendea utzi geltokian. Gaur goizean, esaterako, gidariak formak galdu gabe hitz egin du, adeitasunez egin du bere lana, azkenean, beraiek ez baitute errurik, eta hori badakigu bidaiariok. Baldintza kaskarretan, erreta daude. Hona bere hitzak: "Llamad a Lurraldebus, ¡nos haríais un gran favor!". Gertatutakoa 08:10eko autobusean izan da, baina beste ordutegietan ere antzeko dabiltza atzerapenekin, eta aste guztia daramagu orduz kanpo ibiltzen. Baina hau aspalditik datorren kontua da, nahikoa da!
Ea zerbait egiten den, lehenbailehen. Gidari eta bidaiarion onurarako.
Adeitasunez, mila esker.