Herenegun bukatu ziren Lemoizko Andrakan (BIzkaia) hango kintopeko idi probak, eta Errezilgo Bixkiak izan dira aurtengo irabazleak. Urriaren 11tik 14ra, hiru jardunalditan banatuta jokatu dituzte probak Andrakako probalekuan. Bederatzi idi pare ziren lehiatzekoak, hiru jardunaldi bakoitzeko; azkenean, ordea, Olatzar Eraikuntzaken parea ez zen aurkeztu azken jardunaldian eta, horrela, zortziren artean erabaki zuten sailkapena.
Urriaren 12an, bigarren jardunaldian, lehiatu zen Bixkien idi parea, eta errezildarren abereak nagusitasun osoz jabetu dira Andrakako txapelez eta mantez. Ia 11 untze atera dizkiote irabazleek jardunaldi berean lehiatu eta bigarren sailkatu diren Aizarnazabalgo Etxabe Palazioren idiei: Bolaño, Tubilla eta Arzadun itzainek gidatuta, 67 untzeko marka ezarri zuten Errezilgoen idiek; eta 56 untze, laurden bat eta 1,76 metro egin zituzten Etxabe Palaziorenek, Peña, Urrutia eta Etxabe itzainekin.
Orioko Iñaki Olidenek ere parte hartu du Andrakako probetan, eta zortzigarren eta azken tokian sailkatu dira Oriokoaren idiak.