Kalera, hain maitea duten kirolarentzat konponbide eske

Julene Frantzesena 2024ko urr. 16a, 09:03

Harrobiko txirrindularitzaren alde Donostian egin zuten protesta hainbat lagunek igandean. (Esti Elduaien)

Harrobiko txirrindularitza jardunari jarritako oztopoak salatu dituzte hainbat lagunek Donostian. Egoera konpontzeko borondatea eskatu diete erakundeei. Eskualdeko txirrindularitza taldeetako kideekin hitz egin du Gukak.

Ehunka txirrindulari eta txirrindularitzazale elkartu ziren joan zen igandean Donostian, aldarrikapen bat lau haizetara zabaltzeko xedez: harrobiko txirrindularitza jarduna normaltasunez gauzatzea. Uztailaz geroztik dimisioa emanda dauden Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzako kide ohiek deitu zuten protestara, egoera salatzeko eta konponbidea eskatzeko, eta Euskal Herriko txirrindularitza taldeetako eta federazioetako kideak izan ziren Donostian. Manifestazioarekin bat egin zuten eskualdeko txirrindularitza taldeek ere, han izan ziren hainbat kide.

"Harrobiko txirrindularitza jarduna aurrera ateratzeko «hainbat oztopo» izan dituzte taldeek nahiz Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak azken urteetan: trafiko zuzendaritzaren oztopoak, lasterketetako segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren ertzainen falta, lotura motoetako gidarien egoera, errepide batzuk erabiltzeko debekua, gastuen areagotzea... Arazorik larriena Gipuzkoan dute; izan ere, han antolatzen dira lasterketa gehienak. Hala ere, oztopoak oztopo eta federazioko zuzendaritzak dimisioa eman arren, aurreko denboraldian probak antolatzen eta egiten segitu zuten.  

"Gurutz Aldalur Azpeitiko Lagun Onak txirrindulari taldeko kideak azaldu duenez, baina, bestelakoa da orain egoera. "Pistako denboraldiak hasita behar zuen, baina ez da martxan jarri, eta ziklokroseko denboraldia hasten denean, Gipuzkoako probak ez dira egingo... Hainbat txirrindulari geldirik daude, lehiatu ezinik". Aldalurrek esan duenez, duela urte batzuk ere bazituzten trafiko arazoak, baina orain egoerak "okerrera" egin duela esan du. "Pausoak eman behar dira egoera hobetzeko, arazo bat baino gehiago ditugu eta. Eusko Jaurlaritzak orain arte ez du ezer egin. Frantziako Tourraren garaian zerbait mugitu zen, baina pasatu zenean, berriz ere ahaztu egin ziren arazoarekin".

"Txirrindularitza taldeetako kideek "zalantzaz" bizi dute egoera, nahiz eta Azpeitian prestatzen dituzten probak errepidekoak diren eta oraindik sasoia hasteko denbora badagoen. "Planik ezin dute egin txirrindulariek, ez dakitelako zer etorriko den. Helburu jakinik gabe daude, pandemia garaian bezalaxe". Eusko Jaurlaritzari zer egoera bizi duten "entzuteko" eskatu dio Aldalurrek. "Batzuetan ematen du Gipuzkoako lasterketa kopurua gutxitzea nahi dutela, baina ezin du horrela izan; lasterketek erori behar badute, beren kasa erori behar dute".

Denboraldia "kolokan"

Mikel Izagirre Azkoitiko Elorza txirrindularitza elkarteko kidea da, eta hark azaldu duenez, beraiei oraintsu arte ez die zuzenean eragin aferak, haurrekin aritzen direlako lanean eta herri barruan edo industrialdeetan egiten dituztelako probak. "Guk baimenak ez ditugu Trafiko Zuzendaritzarekin kudeatzen, udalarekin baizik. Beraz, ez dugu zuzeneko arazorik izan". Orain, baina, Gipuzkoako federazioko kideek dimisioa eman izanak bete-betean jotzen dituela azaldu du, datorren denboraldia "kolokan" dagoelako. "Ja berez hasita behar zuen haurren denboraldiak –urri erdian-edo hasten da–, baina... Borrokan egiteko geratzen den aukera bakarra lasterketak ez antolatzea da; izan ere, antolatu eta aurrera egiten badugu, erakundeek modu berean segituko dute trabak jartzen".

"Gauzak erraztu". Izagirrek argi du erakundeek harrobiko txirrindularitza laguntzeko zer egin behar duten. "Trabak kendu behar dituzte, eta horretarako bi aldeek akordiora iritsi beharko dute. Horrela ibiltzea nekagarria da oso. Izan ere, probak antolatzea gero eta garestiagoa da, eskumen banaketa ez da egokia –antolatutako probak atzera bota ditu, adibidez, Ertzaintzak–... Segurtasun arrazoiak argudiatu izan dituzte, baina ez dago horrelako arazorik. Lehengora bueltatzea nahi dugu, probak antolatzeko arazorik ez genuen garai hartara".

Elorzako txirrindulariek "ziurgabetasunez" bizi dute afera. Horren aurrean, guraso hainbat kanpoko lasterketetara begira hasi direla jakinarazi du. Dena den, ez dator bat ideia horrekin, ez zaio aterabide egokia iruditzen: "Arazoari aurre egin beharrean, arazoa saihestea da hori".

Konpontzeko itxaropenez

Zarauzko Txirrindularitza Elkartean egoera "urduritasunez" bizi dutela azaldu du Ibai Beraziertok. "Ez dakigu nondik nora jo gauza askoren aurrean; arropa eskaerak, denboraldirako prestaketak... Izan ere, ez dakigu lasterketak izango al diren ere. Txirrindulariei eta haien familiei egoera azaltzen saiatzen ari gara une oro". Gipuzkoako txirrindularitzaren egoera "larria" dela uste du: "Behingoz zerbait egiteko eskatu nahi diet politikariei, arazoak konpontzeko. Izan ere, Tourraren garaian gure eskarien gaineko baiezkoak jaso genituen, baina federazioko zuzendaritzak dimisioa eman arte ez dugu haien berririk izan".

Egoerarekin "nazkatuta" daudela azaldu du Beraziertok, proben atarian izaten dituzten oztopoekin leporaino eginda. "Lasterketak prestatzen-eta egunak pasatzen ditugu, eta bezperetan Trafiko Zuzendaritzakoek dena zalantzan jarri izan digute". Haren hitzetan, txirrindularitza maite dutelako nahi dute arazoak konpontzea. "Denok eman behar diogu bultzada, baina giltza politikarien aldean dago. Halere, afera konponduko den esperantza eta nahia daukagu. Izan ere, denok nahi dugu Indurain berri bat ikustea, baina horretarako behar-beharrezkoa da harrobiko txirrindularitza".

"Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kidea da Arritxu Iribar, baita uztailean dimisioa eman zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren zuzendaritza taldeko kidea ere. Arazoak Zumaiako taldeari ere eragiten diola nabarmendu du hark, maila guztietako lau lasterketa antolatzen dituztelako urtero: "Lasterketen aurrekontua asko handitu da, anbulantzia gabezia eta haien prezioa tarteko". Horrez gain, Gipuzkoan lasterketetarako ertzain gutxi daudela eta haien hutsunea betetzeko lotura motoak eskatzen dituztela adierazi du. Horrek ere eragiten du aurrekontu igoeran. Hark dioenez, baina, arazo horri eman dakioke irtenbidea bidegurutzeetan egon ohi diren boluntarioen bidez.

"Afera epe laburrean konponduko dela uste du Iribarrek. "Borondatea eta gogoa baldin badago, dena konponduko da. Izan ere, irtenbideak badaude, federazioak eskaini ditu, baina horretarako eseri eta hitz egin egin behar da". Baikor dago Iribar: "Inori ez zaio komeni egoera hau luzatzea. Bi urteotan beste aldera begira egon diren horiek uste dut orain jabetu direla gertatzen ari denarekin. Tristea dena da puntu honetara iritsi behar izatea batzuek erreakzionatzeko, baina askotan gertatzen da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide