Larunbatean bukatu ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-zortzirenak. Azpeitiko Soreasu antzokian izan zen saioa Maider Agirre oñatiarrak irabazi zuen; harekin batera aritu ziren lehian Aitor Tatiegi, German Urteaga, Haizea Arana, Asier Azpiroz eta Maialen Akizu.
Sailkapen fase hori bukatuta, final-laurdenei ekingo diete orain 30 bertsolarik, eta horien artean sei dira Urola Kostakoak. Aitor Salegi zestoarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak final-zortzirenetako saio bana irabazi eta zuzenean eskuratu zuten hurrengo fasea jokatzeko txartela. Aner Peritz Euzkitze eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrek nahiz Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrek aurreko fasean egindako puntuazioari esker lortu dute hurrengora pasatzea.
Final-zortzirenetatik aurrera egin duten bertsolariei 2019ko txapelketan sailkatutakoak batuko zaizkie datorren fasean: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Final-laurdenetako lehen saioa urriaren 19an izango da, 17:00etan, Eibarko Coliseo aretoan. Saio horretan ez da eskualdeko bertsolaririk ariko. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke.
Eskualdeko sei bertsolari sailkatuta
Eskualdetik sailkatutako bertsolariak oholtzara igotzeko "gogotsu" azaldu dira. Eneritz Artetxe azkoitiarrak "saio on bat" egin nahi lukeela esan du, "oholtzan egoten asmatu eta gai bakoitzari ahalik eta zuku gehien atera". Final-zortzirenetako Hondarribiko saioa irabazita lortu zuen final-laurdenetarako zuzeneko txartela, bere hitzetan, "sorpresaz". Izan ere, bederatzi urte txapelketetan parte hartu gabe igaro ostean, "helburu handiegirik gabe" ekin zion lehiari. "Egia da bertso eskolan eta saioetan gustura ari naizela. Hondarribian sentipen oso onekin bukatu nuen saioa, eta banekien aurrera egingo nuela. Dena den, sorpresa ederra izan zen saioa irabaztea".
Aitor Salegi zestoarrak jarraitu dio Artetxeri sailkapenean, hamabigarren postuan sailkatu da, eta hura ere "gogotsu eta ilusioz" ari da txapelketan. Udaberriko fasean hasi zuen ibilia, beste hainbat bertsolarik bezala, eta udako etenaren ostean, berriz indartsu ekin dio lehiari. Salegik Andoaingo saioa irabazita lortu zuen final-laurdenetarako txartela. Ez zuen espero saio hura irabaztea: "Saioa bukatu zenean, eserita geundenetako inork ez genekien zein izango zen aurrena, zein bigarrena... Askotan, gutxi gorabeherako zerrenda bat egiteko gai izaten gara, baina saio haren ostean oso galduta nengoen". Final-laurdenetara begira, arantza hori ateratzea nahiko luke. "Sailkapen faseko bi saioekin gustura gelditu nintzen, baina final-zortzirenetakoarekin ez hainbeste; ea konforme geratzeko moduan naizen".
Aner Peritz Euzkitze Salegiri pega-pega eginda dago sailkapenean, puntu bateko aldearekin. Txapelketa "gogotsu, baina baita urduri ere" hasi duela aitortu du zarauztarrak: "Gogoa nuen hasteko, baina urduri sentitu naiz ezjakintasun horren aurrean, ea zer zetorren jakin gabe". Bere saioa amaitu ostean, ordea, "sentipen onarekin" geratu zela argitu du. Hurrengo faseari begira, bertsolari gazteak azaldu du ez duela "mugarik", eta ez duela "derrigorrezko helbururik" finkatu nahi: "Oholtzara igo eta kantatu behar dena kantatuko dut. Hori bai, saio on bat egin nahiko nuke; ilusio horrekin noa. Emaitzei begira, ez dut helbururik finkatu nahi, niretzat hori ez delako garrantzitsuena".
Lasarte-Orian kantatu zuen Oier Etxeberria azpeitiarrak final-zortzirenetan, eta han lortutako puntuak aski izan zaizkio lehian aurrera egiteko. "Neuzkan puntuekin, bizpahiru saioren faltan nahiko argi zegoen hurrengo fasera pasatuko nintzela". Dena den, hark dioenez, txapelketak "oso argi" laga du ez dela zerbait proportzionala: "Onak ez dira beti aurrera joaten, eta aurrera joaten diren denak ez dira beti onak. Oso maila oneko jendea kanpoan gelditu da, faktore pila bat sartzen direlako tartean. Azkenean, txapelketaren saioan hamar bertso kantatzen dituzu, eta hori ez da ezer urtean zehar kantatzen duzun kopuruarekin; lagin txiki bat baino ez da. Edozer gauza pasa daiteke; beraz, aldez aurretik zerbait espero izatea zaila da".
Etxeberriarekin batera, Lasarte-Orian izan zen Iñigo Mantzizidor Mantxi ere. Txapelketa "gogotsu" hasi duela adierazi arren, lehenengo fasean ez zuela "batere disfrutatu" aitortu du zarauztarrak: "Ez nengoen bereziki urduri, baino ezin izan nuen gozatu". Bere saioa amaitu ostean, aldiz, beste jarrera bat erakutsi zuen bertsolariak: "Nirea zazpi saioetatik bigarrena izan zen. Esperantza banuen, oraindik bost saio geratzen ziren eta ez neukan bereziki puntuazio txarra. Txapelketan zehar, sailkatzeko aukerak ikusi nituen". Hurrengo faseari begira, 30 bertsolari jardungo dira oholtzan, eta horietatik hemezortzi sailkatuko dira soilik. "Puntuazioak hutsetik hasten dira orain, eta ikusi egin beharko da zer saio mota ateratzen den", gehitu du Mantxik. Gazteak "oso gogor" dabiltzala ere azpimarratu du: "Gerta daiteke haiek urduri jartzea. Edo agian niri gertatuko zait, auskalo. Itxaropena badut, hori bai, baina eskailerak banaka igo behar dira".
Joan zen udaberriko fasean bi saio irabazita iritsi zen Jon Gurrutxaga final-zortzirenetara. Hark adierazi duenez, baina, "gorabeheratsua" izan da berarentzat bukatu berri den txapelketako fasea; izan ere, bukaerara arte zain egon behar izan du aurrera egingo zuen ala ez jakiteko –lehen saioan abestu zuen–. "Saioan akats bat edo beste egin nuen, despisteren bat tarteko, eta gauza on batzuk ere egin nituen. Gorabeheratsu aritu nintzen, baina puntuek final-laurdenetara pasatzeko adina eman didate, eta gustura nago".