Getariako eta Orioko kofradiak ez daude ados hilabetez arrantzatzeko Europak ezarritako debekuarekin

Onintza Lete Arrieta-Gorka Eizagirre 2024ko urr. 3a, 08:28

Europako Batasunak Bizkaiko golkoan arrantzatzea debekatu die itsasontzi handiei 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra, izurdeak eta zetazeo txikiak babesteko, eta Gukak iritzia eskatu die Emeterio Urrestiri eta Jon Mujikari, Getariako eta Orioko kofradietako presidenteei, hurrenez hurren. 

Aurten bezala, datorren urtean ere hilabetez arrantzan egitea debekatuta izango dute Getariako eta Orioko baxurako arrantzontziek. Izan ere, Europako Batasunak erabaki du zortzi metro baino luzeagoak diren ontziek ezingo dutela Bizkaiko golkoan arrantzarik egin 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra. Neurri horrekin, izurdeak eta beste zetazeo txiki batzuk nahi gabe arrantzatzea eragotzi nahi dute, baina Getariako eta Orioko kofradientzat "zentzurik ez dauka debekua hemengo ontziei aplikatzeak".

Jon Mujika Orioko kofradiako presidenteak esan du "harrituta" daudela baxurako ontziak neurria aplikatzeko multzo horretan sartu dituztelako, "izurdeekin inolako gorabeherarik ez" baitute izan beraiek. "Izurdeak ibiltzen dira gure inguruan, baina ez dira gure sareetan kateatuta gelditzen, alde egiten dute". Intzidentzia falta hori nabarmendu du Emeterio Urresti Getariako kofradiako presidenteak ere, eta gaineratu du Aztiko ikerlariek egindako txostenak ere horixe dioela. "Iaz egin zuten ikerketa Aztikoek hemengo hainbat ontzitan, eta izurdeekin intzidentziarik ez zela egoten ondorioztatu zuten; Europara bidalitako txostenean halaxe jaso zuten". Horregatik, Urrestirentzat "lotsagarria da erabakia", eta "argi gelditzen da Frantziak nolako pisua duen Europa mailan". Hemengoa "arrantza selektiboa" dela azpimarratu du getariarrak, eta uste du arazoa eragiten dutenen kontrako neurriak hartu ordez, "okerreko planteamendua" egiten ari dela Europako Batasuna.

Gipuzkoan, baxurako flota Orioko eta Pasaiako hiruzpalauna ontzik eta Getariako eta Hondarribiko hamalauna ontzik osatzen dute.

Mujikak iritzi dio, printzipioz, debekuarekin "eragin handirik ez" dutela nabarituko, itsasontziak martxoan ateratzen direlako arrantzara –neguan hiru hilabete egoten dira lehorrean–. Hori bai, "gerta liteke berdela aurreratzea martxotik otsailera, eta ezingo genuke lanik egin Frantziako uretan, soilik Espainiakoan", azaldu du. "Beste flotei gehiago eragingo die", esan du.

Hegaluze kanpaina, kaskarra

Aurtengo kanpainei dagokienez, Urrestik eta Mujikak esan dute antxoaren kanpaina ondo joan dela, "kuota osoa arrantzatu delako". Berdela, ordea, gutxi izan da, eta hegaluzea, zer esanik ez. "Atunetako kostera kaskarra izan da; kuotaren %52 inguru arrantzatu da, Bizkaiko golkoan ez dagoelako", esan du oriotarrak. Horren arrazoiak zein diren esatera ez dira ausartu, ordea. "Biologoek eman beharko dituzte arrazoiak, azterketa eginda. Ea korronteengatik den edo zergatik. Itsasoa mugitu egiten da, ez da baratzea bezala, ez dakizkigun gauza asko gertatzen dira hor; urte guztiak desberdinak izaten dira".

Berdelari dagokionez, Urrestik uste du Europako Batasunetik kanpoko herrialde batzuk "kontrolik gabe" ari direla arrain hori arrantzatzen iparraldeko uretan; "horregatik ez da iristen ari hona".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide