Foru Aldundiko zuzendari postu bana hartu dute Ernesto Martinez de Cabredok eta Fernando Prietok

Julene Frantzesena 2024ko urr. 2a, 09:29

Prieto eta Cabredo. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Martinez de Cabredo azkoitiarra Obra Hidraulikoen zuzendaria izango da, eta Prieto Zarauzko bizilaguna Mugikortasun zuzendaria. Izendapen horiek PSE-EEren eskuetan dauden sailetan egin dituzte. Biek ala biek eskarmentua dute erakunde publikoetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru zuzendari berri izendatu ditu, eta horietako bi eskualdekoak dira: Ernesto Martinez de Cabredo azkoitiarra Obra Hidraulikoetako zuzendaria eta Fernando Prieto Zarauzko bizilaguna Mugikortasun zuzendaria izango da–Libe Otegi tolosarra turismo zuzendaria izango da–. Izendapen horiek PSE-EEren eskuetan dauden sailetan egin dituzte, Aldundiak bere "azpiegiturak modernizatzeko eta turismo jasangarria bultzatzeko" duen konpromisoa indartzeko.

Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak gauzatu berri dituzten izendapenen garrantzia nabarmendu du: "Gipuzkoa jasangarriago eta konektatu baterako bidea hasita dago, eta Fernando Prieto, Libe Otegi eta Ernesto Martinez de Cabredo beren karguetan sartzea urrats garrantzitsua da mugikortasunean, turismoan eta obra hidraulikoetan proiektu estrategikoak bultzatzeko. Beren esperientziarekin eta dedikazioarekin, gure ekimenak indartzen lagunduko dute, gure herritarren beharrei erantzungo dien Gipuzkoa lortzeko".

Prieto errioxarra da jaiotzez, baina Zarautzen bizi da, eta ibilbide luzea du eraikuntzaren eta herrilanen kudeaketan; 24 urtez aritu da Amenabar eta Farco eraikuntza enpresetan. Gainera, uraren kudeaketari eta tokiko politika publikoei lotutako hainbat erakundetan parte hartu du. Obra Hidraulikoen zuzendaria izan da oraintsu arte, eta aurrerantzean Mugikortasun zuzendaria izango da. Ikasketaz eraikuntzako eta obren ekonomiako aparejadorea da.

Martinez de Cabredo, berriz, azkoitiarra da. Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusi izan da orain arte, eta aurrerantzean Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendari postuan ariko da. Eskarmentua du sektore publikoan nahiz pribatuan; izan ere, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi ez ezik, Amenabar eraikuntza enpresako zuzendari kudeatzailea izana da. Bide, ubide eta portuetako ingeniaria da ikasketaz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide