Iñaki Merino: "Maitasunez aritu naiz denboraldia prestatzen"

Andoni Elduaien 2024ko urr. 2a, 08:34

Iñaki Merino ISBko entrenatzailea, Azpeitiko kantxan, lan saio bat zuzendu aurretik. (Urtzi Oteiza)

Hiru hilabete daramatza Iñaki Merino (Gasteiz, 1977) entrenatzaileak Biele ISBren gidaritzan. Larunbatean hasiko duten liga txapelketari indartsu heldu nahi diote. "Erritmo handiko jokoa" egingo duen taldea sortu nahi izan dutela azpimarratu du hark, eta balioa eman dio etxeko jokalariek ligari ekin aurreko asteetan egindako lanari.

Larunbatean ekingo diozue Bigarren Federazio ligari. Nola ikusten duzu taldea sasoia hasi aurretik?

Zaila zait erantzutea. Denboraldiaurrean baja bat baino gehiago izan ditugu, eta hutsune horiek betetzeko, fitxaketak egiten ahalegindu gara. Gainera, min hartutako jokalariren bat ere izan dugu. Zentzu horretan, martxa behar bezala hartu gabe gaudela uste dut; ondo etorriko litzaizkiguke beste bi-hiru aste hobeto prestatzeko. Dena den, osorik egon den jokalari taldea, bereziki etxeko jokalariek osatua, lan ona ari da egiten azken asteetan. Dugun egoera ikusita, espazio gehiago dute orain etxekoek beren maila erakusteko. Izan ditugun gorabehera guztiak ezkutatzen lagundu digute etxekoek.

Ekainean izendatu zintuzten Biele ISBko entrenatzaile. Zergatik erabaki zenuen Iraurgi entrenatzea?

Ilusioa egin zidan deitu zidatenean. Aurreko udaren batean ere egon nintzen ISBra iristetik gertu, eta arantzatxo hori ateratzea lortu dut orain. Kariño berezia diodan taldea da ISB. Lanak oso ondo egiten ditu, urtero ondo ustiatzen ditu bere baliabideak, eta nola ez, profesionalagoa den maila batean aritzeko aukera eskaintzen dit. ISBren deia jaso nuenean, ez nuen asko pentsatu behar izan.

Taldea prestatzen aritu naiz, jokalariei begira, bai fitxaketak gauzatzeko, bai ligako gainerako taldeak gainbegiratzeko; izan ere, modu horretan ezagutzen duzu ondoen aurrean zer izango duzun. Denboraldiaurrea prestatzen ere aritu naiz, erabiliko ditugun sistemak lantzen... Maitasunez aritu naiz denboraldia prestatzen, ordu asko sartu ditut.

"Izan ditugun gorabehera guztiak ezkutatzen lagundu digute etxekoak"

Jokalarien joan-etorria handia izan da udan. Zer-nolako taldea osatu duzue?

Ideia aldatzen joan gara astez aste, ezusteko batzuk izan ditugu eta. Gaur-gaurkoz ere zalantzak ditugu taldea zer modutara itxi behar dugun erabakitzeko. Bilatu ditugu aldagelako giroan lagun dezaketen jokalariak, eta asmatu dugu. Erraza zait talde hau zuzentzea. Era berean, erritmo handiko jokoa egingo duen taldea sortu nahi izan dugu, defentsan ondo moldatzen diren abiadura handiko jokalariak bilatuz. Ordea, pena handiz, horietako bik [Brian Wallack eta Godwin Bohaen] irten egin behar izan dute taldetik. Ordezkoen bila ari gara orain, eta ea taldea behar bezala ixtea lortzen dugun.

Etxean ere badaude maila emango duten jokalariak, ezta? Nola ikusten dituzu?

Etxekoen esku gaude une honetan, eta nahi dugu horiek urrats bat aurrera egitea. Aurreko denboraldietan ere lan ona egin dute, baina orain gehiago ari gara eskatzen, eta erantzun ona ari dira ematen. Lehendik daudenak eta berriak, guztiak ari dira maila onean. Klubak gizonetan izan dituen azken lorpenak ere modu horretara iritsi dira; besteak beste, maila handia zuten belaunaldi bereko etxeko jokalariak atzerritarrekin uztartuta lortu zuen ISBk Urrezko LEB Ligara iristea. Eta orain ere horixe da asmoa: etxekoekin epe ertain-luzerako taldea osatzea eta fitxaketa batzuekin taldearen maila handitzea.

Liga hasteko, oilarretako bat: Urrezko LEB Ligatik jaitsi den Caceres duzue aurkari. Nola ikusten duzu partida?

Zail samarra izango da. Jendeak egindako kinielen arabera, Caceres da mailaz igotzeko faboritoetako bat. Jokalari beteranoak ditu, ia guztiak goiko kategorietan jokatutakoak. Esaterako, bi joko antolatzaileen artean 25 denboraldi baino gehiago egin dituzte Urrezko LEB Ligan, eta horietako batek, gainera, sei urte egin ditu ACBn. Kalitate handiko jokalariak ditu Caceresek, eta zalantzarik gabe, mailaz igotzeko helburuarekin osatutako taldea da. Konplikatua izango da, halaber, gu ez garelako onenean iritsiko. Historikoki ISB etxeko partidetan egin da indartsu, ordea; errendimendu maila igo egin ohi du. Eta larunbaterako ere hori espero dut; ilusio eta esfortzu handienarekin ezustekoa ematen ahaleginduko gara.

Inork baino hobeto ezagutzen duzu liga. Nola deskribatuko zenuke?

Oso liga estua da. Atzerriko jokalariak ekartzeko apustua egin ohi dute klubek; maila onekoak, eta bereziki, fisikoki indartsuak diren jokalariak fitxatzen saiatzen dira gehienak. Liga honetan ezinbestekoa da maila tekniko ona edukitzea, baina jokalariek garaiera, indarra eta giharra izatea ere beharrezkoak dira. Goiko mailetan urte luzez aritutako jokalari askok hautatzen du, gainera, maila honetan jokatzea, eta horiek ere plus bat ematen diete taldeei.

"Erritmo handiko jokoa egingo duen taldea sortu nahi izan dugu aurten"

Sergio Scariolo eta Jaume Ponsarnau entrenatzaileekin lan egindakoa zara. Ikasgai handiak jasoko zenituen...

Esperientzia ederrak izan ziren, edonork bizi nahiko lituzkeenak. Ordurako urte batzuk baneramatzan entrenatzaile, baina haiekin ikusi nuen kasik ez nekiela ezer saskibaloiaz; eskakizun maila handia dago profesional mailan, eta xehetasun txikienak ere zaindu egin behar dira. Saskibaloian modu horretara murgiltzen zarenean, gainera, sentitzen da bizitzaren zati bat galtzen ari zarela; eta batzuetan, ordu falta ere sumatzen da egunerokoari aurre egiteko. Denborarekin ohartu nintzen, baina, esperientzia haiek kiroleko masterrak izan zirela niretzat.

Zer estilo ezarri nahi diozu zure taldeari?

Ahalik eta partida gehien jokatzera iritsi nahi dugu, baina gustatuko litzaiguke, era berean, jokalari gazteak hazten ikustea. Horiei lekua egiteko, errotazioan oinarritutako jokamolde bat osatu beharko dugu. Halaber, jokoaren zirkulazio ikusgarria eta azkarra egin nahi dugu. Jende asko etortzen da kantxara taldea ikustera, ume asko tartean, eta zentzu horretan, gauzak transmititu behar dizkiegu zaleei. Trantsizioan, kontraerasoan, jokatzen saiatuko gara, eta sortzen diren bigarren aukerak baliatzen. Ezer galdutzat ematen ez duen taldea da ISB, gogotik saiatzen dena; hori da kanpotik taldeari ikusi izan diodan nortasuna, eta aurten ere ez dugu hutsik egingo.

Non ikusi nahiko zenuke ISB denboraldiaren amaieran?

Iaz, asko sufritu zuen taldeak, eta konplikazio txikiak ditugun une honetan, ez nuke goi mailako helbururik zehaztu nahi. Denboraldiko azken hilabetean helburu handiengatik borroka egin izan du ISBk urte askoan, eta ilusioa sortzen dit igoerarako kanporaketetan sartzeak. Taldea eta haren lan egiteko modua ikusita, sari ederra litzateke igoeragatik borrokatzea.

Dena den, hazten jarraitu nahi dugu; taldea osatzea, egonkortzea eta lehiakorrak izatea da helburua. Denboraldiaurre honetan aurrerapauso handiak ikusi ditut jokalariengan, asko ari gara hazten, eta urte amaierarako gure bertsiorik onena ematen eta bukaerara sendo iristen saiatuko gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide