Beñat Gerekak 'Itsas geruzak' izeneko erakusketa zabalduko du bihar Arkamin

Intza Trula 2024ko ira. 24a, 12:30

Beñat Gereka artista. (Utzitakoa)

18:30ean jarri dute irekiera hitzordua, eta sortzailea bera ere bertan izango da proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Zarauzko bizilagun Beñat Gereka getariarrak argazki erakusketa berria zabalduko du bihar Arkami galerian: Itsas geruzak, hain justu. 18:30etik aurrera bisitatu ahal izango da Gerekaren azken lana, eta sortzailea bere ere bertan izango da proiektuaren xehetasunak azaltzeko.

Argazki serie honen bitartez, Getariako portuko esentziarekin bat egingo du ikusleak, herri baten nortasunarekin. Esperientzia bisual eta abstraktu baterako atea zabaltzen du. Denboraren iraganak sortzen dituen lerroez, koloreez, testurez eta formez gozatuko dute ikusleek, eta bide horretan, ezkutuan duten identitatearekin bat egingo dute.

Mundu "txundigarri" eta "enigmatiko" batean murgiltzeko gonbita egiten du artistak. Bertan, Getariako portuko xehetasunik sotilenak eta harrigarrienak berpizten dira argazkilaritza makroaren bitartez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide