Izagirrek eta Goenagak laugarren eta bosgarren postuak lortu dituzte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Julene Sorarrain 2024ko ira. 23a, 11:30

Eli Pagola Apezetxea nagusitu da Elgoibarren. (Bertsozale)

Izagirrek guztira 446 puntu eskuratu ditu, eta Goenagak jarraitu dio sailkapenean, 436 punturekin. Eneritz Artetxe azkoitiarrak, aldiz, larunbatean ekingo dio lehiari, Hondarribian.

Unai Izagirre eta Libe Goenaga bertsolariak atzo hasi zuten 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehia. Aurreko asteburuan bezalaxe, bi final zortzireneko jokatu dituzte asteburuan ere, bata Lazkaon eta bestea Elgoibarren. Hain zuzen, Izagirrek eta Goenagak Elgoibarren kantatu zuten atzo, Herriko Antzokian. Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi eta Uxue Fernandez aritu ziren saio berean.

Lan puntuagarriak amaituta, Eli Pagola Apezetxea izan da garaile, 487,5 puntu bilduta. Horrenbestez, final-laurdenetara sailkatu da zuzenean, Azkoitiko saiora zehazki, urriaren 26an. Izagirrek guztira 446 puntu eskuratu ditu, eta Goenagak jarraitu dio, 436 punturekin. Honela geratu da sailkapen osoa:

  1. Eli Pagola Apezetxea: 487,5 puntu.
  2. Eneko Araiztegi Agirre: 454,5 puntu.
  3. Iñaki Apalategi Astigarraga: 451,5 puntu.
  4. Unai Izagirre Etxeberria.: 446 puntu.
  5. Libe Goenaga Arrieta: 436 puntu.
  6. Uxue Fernandez Lasa: 430 puntu.

Asteburu honetan jokatuko dira hurrengo bi saioak: Hondarribian, larunbatean eta Andoainen, igandean. Guztiak, 17:00etan hasiko dira:

Irailak 28, Hondarribia (Itxas Etxea auditorioa):

  • Eneritz Artetxe, Oier Aizpurua, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Unai Gaztelumendi.

Irailak 29, Andoain (Bastero kulturgunea):

  • Aitor Salegi, Andoni Mujika, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, June Aiestaran, Manex Mujika.

Urriak 5, Azpeitia (Soreasu antzokia):

  • Aitor Tatiegi, Asier Azpiroz, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi.

Final-zortzirenetako azken kanporaketa Azpeitian jokatuko dute bertsolariek, eta saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, final-laurdenetara. Zazpi bertsolari horiekin batera, puntu gehien batzen dituzten hamazazpi bertsolariekin eta 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu ziren eta aurtengo txapelketan izena eman zuten sei bertsolariekin osatuko dira final-laurdenak. Denera, 30 bertsolarik jokatuko dute final-laurdeneko fasea. Sarrerak, betiko moduan, bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai; baita antzokietako txarteldegian saioaren egunean bertan ere, aurretik agortu ez badira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide