Portuak dituzten herrietan udal batzordeak sortzeko dekretua onartu du Jaurlaritzak

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 10a, 17:13

Zumaiako kirol portuko pasabidea. (Maria Maya Manterola)

Getariako, Orioko eta Zumaiako portuetan izango du eragina neurriak. Kontseilu hauen funtzioen artean portuetako beharrak aztertzea eta azpiegituren kudeaketa hobetzeko neurriak hartzea daude. 

Euskal Herrian portuak dituzten herrietan udal batzordeak sortu ahal izateko dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Portuetako erabiltzaileek eta amarratzaileek aspalditik eskatzen zuten neurria da hau eta eskualdean Getarian, Orion eta Zumaian izango du eragina. Gipuzkoan, Mutrikun, Deban, Donostian eta Hondarribian ere sortu ahal izango dituzte.

Portuetan kontseilu hauek sortzeak ez dakar berez eskumen aldaketarik. Izan ere, Gernikako Estutuaren arabera, interes orokorrekoena izan ezik (Pasaiako eta Bilbokoa, esaterako), Bizkaiko eta Gipuzkoako beste portu guztien eskumena Jaurlaritzarena da. Sortuko dituzten kontseilu hauen funtzioa "kontsultarakoa" izango dela azaldu du Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak. Bere esanetan, herri hauetako portuekin zer ikusia duten gaiak aztertuko dituzte organo hauek eta, behin eratuta, urtean behin edo bitan bilduko dela uste du agintariak.  

Bere eginkizunen artean dago, besteak beste, portu-eremu bakoitzean dauden beharrak aztertzea eta instalazioak hobeto kudeatzeko ekintzak proposatzea daudela iragarri du Jaurlaritzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide