Eskualdeko taldeen artean maila altuenean dabiltzan hirurek asteburuan ekingo diote futbol denboraldiari.
Lagun Onaken gizonen talde nagusia izango da 2024-2025 sasoian Espainiako Hirugarren Mailan lehiatuko den Urola Kostako ordezkari bakarra; aurreko denboraldi bukaeran maila galdu zuen Anaitasunak, eta horrenbestez, Azpeitikoen eta Azkoitikoen arteko derbirik ez da izango datozen hilabeteetan. Emakumeen taldeei dagokienez, berriz, Anaitasuna eta Zarautz izango dira berriz ere Euskal Liga jokatuko dutenak.
Erabat eraberrituta
Lagun Onakek etxean hasiko du liga. Lehen jardunaldian, Bizkaiko Derio hartuko du Garmendipen Jose Luis Riberaren taldeak, zapatuan, 17:30ean.
Aurreko denboraldian igoerako play-off-a jokatzeko zorian izan zen taldea goitik behera berritu du Lagun Onakek. Izan ere, 2023-2024 denboraldian Azpeitiko taldean aritu ziren jokalarietatik hamahiruk utzi dute taldea, eta bostek bakarrik jarraituko dute 2024-2025ean: Andoitz Amenabar, Lander Izagirre, Aner Gomez, Xabi Gereta eta Jagoba Erdozia dira taldean gelditu diren bostak. Horiei 11 fitxaketa gehitu zaizkie: Jokin Arabiourru (Aurrera Ondarroatik); Asier Zeberio (Añorgatik), Markel Regil (Realaren jubeniletatik), Alex Letamendia (Real Union Btik), Jon Sanchez (Durangotik), Unax Odriozola (Zarauztik), Imanol Illa (Realak utzita), Jon Sorazu (Zestoatik) eta hiru azpeitiar –Aritz Amenabar (Realak utzita), Iker Gabilondo (Antiguokotik) eta AEBetako egonaldia bukatuta etxeko taldera itzuli den Aimar Leunda–. Gainera, etxeko beste bost gazte talde nagusiaren dinamikan arituko dira denboraldi berrian: iaz ere hala ibili zen eta denboraldi bukaeran min hartu zuen Jakes Aranbarri, Aritz Madrazo, Beñat Arratibel, Jon Peña eta Aitor Muñoz.
"Talde gaztea" osatu du Lagun Onakek, "eta hamar azpeitiarrekin", zuzendaritzak nabarmendu duenez.
Agurrak, gehiago
Horrenbeste ez, baina Euskal Liga jokatuko duten eskualdeko bi taldeetan ere izango dituzte aldaketak aurreko sasoiarekiko; batik bat, Anaitasunan.
Azkoitiko taldean zortzi dira agur esan duten jokalariak: Ane Juaristi, Maider Badiola, Libe Urtzelai, Oihana Goenaga, Ane Epelde, Zihara Gabilondo, Irati Azpiazu eta Edurne Aldaia, hain zuzen. Laburragoa da, momentuz behintzat, fitxaketen zerrenda: Irati Olaizola azkoitiarra etxeko taldera itzuli da, eta Intza Paredes atezain azpeitiarra ere Mikel Barqueroren aginduetara ariko da denboraldi honetan. Horiez gain, Irene Nogales eta Maren Ibarbia harrobiko kadeteak ere talde nagusiarekin aritu dira lanean denboraldi aurrean. Anaitasunak Eibar C izango du aurkaria lehen asteburuan; Eibarko Unben (Gipuzkoa) jokatuko dute, igande eguerdian (12:00).
Igandean bertan, ordu erdi lehenago, 11:30ean, hasiko da Zarautz KEren denboraldi berriko estreinako partida. Alberto Izquierdok zuzentzen duen taldeak ere etxetik kanpo ekingo dio ligari, Sestaoko Galindo zelaian (Bizkaia), Sestao River taldearen etxean. Joan den denboraldian kostakoekin Euskal Ligan aritu ziren hiru jokalarik utzi dute taldea: Bidatz Eizagirrek, Maite Casadevantek eta Jugatx Adurizek. Kanpotik, berriz, jokalari berri bakarra iritsi da orain arte: Idoia Garde. Gainerakoan, etxeko haztegira jo du Zarautzek emakumeen talde nagusia osatzeko eta indartzeko; horrela, Olatz Aginaga, Aiora Garro, Karlota Landa, Noa Isasa eta Marene Tamayo lehen taldearekin aritu dira denboraldi aurrean.