Maila bikaineko herri kirol saioa izan dute Aian

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 11a, 09:16

Herri kirolen bi txapeketa jokatu zituzten atzo arratsaldez Aian, San Lorentzo egunez. Ikusle ugari bertaratu zen eta maila handiko herri kirolen saioez gozatzeko aukera izan zuten. 

San Lorentzo eguna izan zen atzo eta beste hainbat jardueren artean, kirolari ere tokia egingo zioten Aian. Hala, arratsalde partean herri kirolen bi txapelketa jokatu zituzten, Gipuzkoako Binakako Aizkolari Txapelketa eta IV. Lau Arroa harri jasotzeko, hain zuzen. Giro ederra izan zen Aiako pilotalekuan, eta ikusleek maila handiko bi saio jarraitzeko parada izan zuten.

Gipuzkoako Binakako Aizkolari Txapelketan hiru bikote aritu ziren aizkorarekin enborrak mozten. Julen Alberdi eta Jesus Mari Mujika, Mikel Larrañaga eta Xabier Zaldua, eta Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño. Egin beharreko lana hau izan zuten: 54 ontzako sei enbor eta 60 ontzako beste sei enbor. Lehia bizia izan zen eta, azkenean, azkarrenak Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño izan ziren. 23 minutu eta 14 segundo behar izan zuten lana burutzeko. Zortzi segundo gehiago behar izan zituzten bigarren sailkatu ziren Julen Alberdik eta Jesus Mari Mujikak; 23 minutu eta 22 segundoan egin zuten lana. Hirugarren izan ziren Mikel Larrañaga eta Xabier Zaldua, 24 minutu eta 5 segundorekin.

Ondoren, harri-jasotzaileen txanda izan zen. Lau harri jasotzaile izan ziren lanean finalean: Lierni Osa, Maddi Gesalaga, Olaia Esnaola eta Ainitze Zumeta. Bakoitzak ere lau harrirekin egin behar izan zituzten jasoaldiak, baldarrarekin, zilindroarekin, kubikoarekin eta bolarekin. Ainitze Zumetak egin zituen jasoaldi gehien, 124 guztira, eta berak irabazi du IV. Lau Arroa txapelketa. Bigarren Lierni Osa izan zen, 116 jasoaldirekin, Maddi Gesalaga, 113rekin eta laugarren Olaia Esnaola, 101rekin.

Argazkiak: Ibon Errazu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide