Txirrindularien Donostiako Klasikoa bihar jokatuko dute eta aurten ere Urola Kostatik igaroko da lasterketa. Hain zuzen ere, bihar eskualdeko sei herritatik igaroko dira txirrindulariak: Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Azkoitia eta Azpeitia.
11:45 inguruan iritsiko da lasterketa Aiara Andazarratetik, eta Zarautz, Getaria eta Zumaia igaroko ditu jarraian. Zumaiatik Itziarko bidea hartuko dute txirrindulariek, eta Mendarotik bueltan eta Azkaraten barrena itzuliko da proba eskualdera; ordubata pasatuta iritsiko da Azkoitira, handik Azpeitira, eta Azpeititik Urrakira igotzeko, Tolosaldean sartzeko.
Ohi bezala, errepideetan trafikoa moztuko dute lasterketa igaro dadin. Hona hemen, Donostiako Klasikoa eskualdeko herri bakoitzetik noiz pasatzea espero den; antolatzaileen aurreikuspen azkarrena eta motelena ageri dira, hurrenez hurren:
- Aia: 11:45-11:51.
- Zarautz: 12:01-12:08.
- Getaria: 12:07-12:15.
- Zumaia: 12:16-12:24.
- Azkoitia: 13:07-13:21.
- Azpeitia: 13:15-13:30.