Zaporra eta Dinastia Etxabe, aste honetatik aurrera lehian

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 30a, 09:42

Zaporra memorialeko partida bat, Frontoi Txikin

Gaur hasiko dute Zarautzen 58. Patxi Zaporraren oroimenezko pilota txapelketa. Bihar, berriz, 52. Dinastia Etxabe lehiari ekingo diote Zumaian, frontoi luzean.

Zarauzko eta Zumaiako udako kirol egutegietan leku finkoa duten bi esku pilota txapelketa jokatuko dituzte datozen asteotan. Zarautzen, Patxi Zaporraren 58. oroimenezko norgehiagokak jokatuko dituzte gaur hasi eta hurrengo ostegunera arte. Ohikoa den bezala, Frontoi Txikik hartuko ditu partida horiek. 

Gaur eta etzi, final-laurdenetako partidak izango dira jokoan, 18:30ean hasita. Bi norgehiagoka izango dira egun bakoitzean. Gaurkoan, lehen partidan, Juaristi eta Juaristi Orbegozoren eta Aranbururen aurka arituko dira. Hori amaitzean, Olaizolak eta Arangurenek osatutako bikoteak Bidezabal eta Leonet izango ditu aurkari. Etzi, ostegunez, jokatuko dute final-laurdenetako bigarren jardunaldia. Arratsaldeko lehen partidan, Escudero eta Urruzola Orbegozoren eta Mitxelenaren aurka arituko dira. Jarraian, Barandiaran-Esnaola eta Jara-Aranburu kantxaratuko dira Frontoi Txikira, final-laurdenetako azken partida jokatzera.

Fase horretako lau bikote irabazleek Zaporra memorialaren finalerdiak jokatuko dituzte abuztuaren 6an, asteartea. Finala, berriz, bi egun geroago, hilaren 8an jokatuko dute, arratsaldez, Zarauzko frontoi irekian.

Dinastia Etxabe, Zumaian

Mende erdiko historia baino gehiago du bihartik aurrera Zumaiako Aitzuri frontoian jokatuko duten Dinastia Etxabe pilota txapelketak. Aurtengoarekin, 52. aldia beteko du lehiak, eta azken urteotako bideari jarraituz, jubenilen eta 23 urtez azpikoen afizionatu mailetan lehiatuko dira partaideak. Ohi bezala, jaialdiak gauez jokatuko dituzte Zumaiako frontoi luzean, 21:00etan hasita.

Bihar eta etzi, 23 urtez azpikoen kategoriako aurre-kanporaketak jokatuko dituzte. Biharko jaialdian, lehen partidan, Oskoz eta Balerdi Rekalderen eta Garciaren aurka arituko dira; bigarrenean, berriz, Apaolaza eta Beloki Iker Egigurenen eta Sotilen aurka. Osteguneko jardunaldian, berriz, Igoak eta Santestebanek Altuna eta Landa izango dituzte aurkari, eta, gaueko bigarren partidan, Hormaetxek eta Abenizek Sarasibar eta Bullon.

Bi jardunaldi horietako irabazleek final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratuko dute. Fase horretako jaialdiak abuztuaren 5ean, 8an, 14an eta 16an jokatuko dituzte. Finalerdiak, berriz, abuztuaren 19an, 22an eta 26an izango dira jokoan. Aurreko urteetan bezala, aurten ere zesta-puntari tartea egingo diote pilota txapelketa beteranoan, eta hilaren 26ko jaialdian puntistak izango dira protagonistak.

Txapelketaren finalak abuztuaren 29an jokatuko dituzte, Aitzurin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide