Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak bart ekin dio Parisko Olinpiar Jokoei, Teahupooko uretan, hemen 03:15 inguru zirenean. Etxekoak inolako arazorik gabe gainditu du lehen txandako lehia, 13.83 punturekin (8.33 eta 5.50), batez ere, ongi menderatutako tutu eder bati esker.
Zarauztarra eguneko zazpigarren txandan aritu da, eta aise menderatu ditu Zeelanda Berriko Saffi Vette eta Txinako Siqi Chag (5.40). Ondorioz, zuzenean sailkatu da astelehen gauen jokatuko den hirugarren txandarako; oraindik zehazteko dago zein izango duen aurkaria eta zein mangatan ariko den.
Janire Gonzalez Etxabarri, aldiz, ez da fin aritu kanporaketako bigarren txanda, eta hirugarren izan da 2.43 punturekin bakarrik (1.30 eta 1.13). Bere multzoan, Vahine Fierro frantsesa nagusitu da 11.17 punturekin; bigarrena, berriz, Sol Agirre geratu da, 4.30 puntu eskasekin. Edonola ere, txapelketan aurrera jarraitzeko bigarren aukera bat izango du gaur iluntzean zumaiarrak. Bigarren txandako zortzigarren mangan ariko da, 23:12ean, Anat Lelior israeldarraren aurka.