Txikiak jantzi du aizkorako Gipuzkoako txapela

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 27a, 10:50

Mendaron jokatu dute Gipuzkoako lehen mailako Aizkorako Txapelketaren finala, eta azkoitiarraren atzetik, Larrañaga izan da lanak bukatzen bigarrena, eta Otaño hirugarrena.  

Atzo arratsaldean Mendaroko Goñati pilotalekuan neurtu zituzten indarrak Gipuzkoako sei aizkolari onenek, eta ikuskizuna emanda, Julen Alberdi 'Txikia IV.a' azkoitiarrak jantzi zuen Gipuzkoako lehen mailako aizkorako txapela. Mikel Larrañaga azpeitiarra, Eñeko Otaño beizamarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Ugaitz Mugerza mutrikuarra eta Suharri Rodriguez hernaniarra izan zituen aurkari, eta harmailetatik haiei begira, berriz, 500 lagun egon ziren.

Hitzordua 18:00etarako zuten jarria Mendaroko frontoian, eta aizkolari bakoitzak hamabi enbor ebakitzeko lana zuen aurretik: lau kana erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Txikiak 31 minutu eta 35 segundoan bukatu zituen lanak, bigarren gelditu zen Larrañagari minutua pasatxo aterata (32:37). Hirugarren Otañok egin zuen (34:43 ), laugarren Zalduak (36:29), bosgarren Mugerzak (38:01), eta Rodriguez, berriz, lehiatik erretiratu egin zen.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide