Eskualdetik igaro da Ehunmilak mendi lasterketa atzo –ostirala– gauetik gaur –larunbata– goizera bitartean. Atzo arratsaldean Beasaindik (Gipuzkoa) abiatu ostean, 21:00 aldera iritsi ziren korrikalariak Gorla gainera, eta handik Madariagako bidea hartu zuten; 22:30 aldera iritsi ziren aurreneko korrikalariak auzora. Handik Xoxotera joan ziren partaideak, eta gailurra igo eta jaitsi ostean, Azpeitiko plazara iritsi dira. Azoka Plazan jarri duten anoa gunean geldialdia egin ostean, Azpeitia utzi eta Zelatun aldera jo dute parte hartzaileek. Azpeitiko anoa gunetik gaur goizeko 07:45ak artean eduki dute igarotzeko aukera.
Gizonetan, Fidel Fernandez kantabriarra (Espainia) iritsi da aurrena Azpeitiko plazara, 6.02.38 denborarekin, eta haren atzetik, 25 segundora sartu da Mark Young ingelesa, 6.10.19 denborarekin. Hirugarrena, berriz, Igon Manzisidor Zumaiako bizilaguna izan da, 6.16.55 denbora ezarrita. Emakumeetan, bestalde, Elena Calvillo beasaindarra iritsi da lehena plazara, 8.02.10 denborarekin, bigarren Chelo Velasco asturiarra (Espainia), lau segundora, eta Elena Sanz aragoiarra (Espainia) hirugarren, 42 minutu eta hiru segundora.
Atzo, ostirala, Beasaindik (Gipuzkoa) abiatu zen XIII. Ehunmilak mendi proba. 18:00etan abiatu ziren parte hartzaileak herri horretako plazatik, eta inguruko herriak eta mendiak zeharkatuz, 171 kilometro eta 10.500 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek.
Guztira, 426 partaide ari dira lehiatzen Ehunmilak proban, banaka zein taldeka, eta tartean izango dira eskualdeko hainbat korrikalari.
Emakumeen lehen taldea
Ehunmilaken hamasei talde ari dira parte hartzen, eta horietako bat emakumeek soilik osatutakoa izango da, Erlo izenekoa. Gema Segurola eta Maite Maiz azpeitiarrek eta Saioa Iriondo elgoibartarrak (Gipuzkoa) osatu dute hirukotea, elkarrekin 171 kilometroak osatzeko asmoz. Hirurek lehen aldiz parte hartu dute Ehunmilak lasterketan. Maizek eta Iriondok, iaz, Goierriko Bi Handiak osatu zuten.
Taldekakoan, hiru mistoak izango dira. Hiruretan bi gizonezko eta emakumezko bat ari dira lehiatzen: Zumaiako ZTR taldea (Isabel Serna, Ruben Celada eta Oscar Solas), Azpeitiko Xoxote taldea (Agustin Artetxe, Angel Mari Etxeberria eta Arantxa Larrañaga) eta Beasaingo Bealak taldea (Elena Calvillo, Asier Zubeldia eta Koldo Agirre).
Goierriko Bi Handiak trail proba eta Marimurumendi maratoia ere asteburuan jokatuko dituzte, Beasaindik hasita.
Honako lotura honetan ikus daiteke pasoetako eta egungo sailkapena.