Ehunmilak eskualdetik igaroko da gaur

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 12a, 11:20

Urtero bezala, aurten ere Azkoititik zein Azpeititik igaroko da Ehunmilak lasterketa gaur gauean. Azkoitiko Madariaga auzotik Xoxotera igo beharko dute korrikalariek, eta handik Azpeitiko plazara jaitsiko dira. 23:50ean espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Azoka Plazan jarriko duten anoa gunean. Ondoren, Zelatun aldera joko dute parte hartzaileek.

Gaur abiatuko da XIII. Ehunmilak mendi proba Beasaindik (Gipuzkoa). 18:00etan irtengo dute parte hartzaileek herri horretako plazatik, eta segidan, inguruko herrietatik eta mendietatik igaroko dira lasterkariak. 171 kilometroko ibilbidea eta 10.500 metroko desnibel positiboa izango dituzte egiteko probako partaideek. 

Urtero bezala, aurten ere Azkoititik zein Azpeititik igaroko da Ehunmilak lasterketa. Azkoitiko Madariaga auzotik Xoxotera igo beharko dute korrikalariek, eta handik Azpeitiko plazara jaitsiko dira. 23:50ean espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Azoka Plazan jarriko duten anoa gunean. Ondoren, Zelatun aldera joko dute parte hartzaileek.

Guztira, 426 partaide lehiatuko dira Ehunmilak proban, banaka zein taldeka, eta tartean izango dira eskualdeko hainbat korrikalari.

Emakumeen lehen taldea

Ehunmilaken hamasei taldek parte hartuko dute, eta horietako bat emakumeek soilik osatutakoa izango da, Erlo izenekoa. Gema Segurola eta Maite Maiz azpeitiarrek eta Saioa Iriondo elgoibartarrak (Gipuzkoa) osatuko dute hirukotea, elkarrekin 171 kilometroak osatzeko asmoz. Hirurek lehen aldiz parte hartuko dute Ehunmilak lasterketan. Maizek eta Iriondok, iaz, Goierriko Bi Handiak osatu zuten. Ehunmilaken neurriko tirada luzekorik ez dute egin. «Ilusionatuta eta motibatuta» daude hiru emakumeak, eta haien helburua lasterketa elkarrekin bukatzea izango da.

Taldekakoan, hiru mistoak izango dira. Hiruretan bi gizonezko eta emakumezko bat lehiatuko dira: Zumaiako ZTR taldea (Isabel Serna, Ruben Celada eta Oscar Solas), Azpeitiko Xoxote taldea (Agustin Artetxe, Angel Mari Etxeberria eta Arantxa Larrañaga) eta Beasaingo Bealak taldea (Elena Calvillo, Asier Zubeldia eta Koldo Agirre).

Goierriko Bi Handiak trail proba eta Marimurumendi maratoia ere asteburuan jokatuko dituzte, Beasaindik hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide