Gobernu Kontseiluak eskualdeko bi lagun izandatu ditu Eusko Jaurlaritzako zuzendari kargutarako, Mikel Juaristi azkoitiarra eta Duñike Agirrezabalaga zumaiarra.
Mikel Juaristi Eusko Jaurlaritzako Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari berria izango da, eta aurreko legealdian Lucia Torrealdaik izan zuen kargua hartuko du azkoitiarrak.
Pedagogian eta Lehen Hezkuntzako Irakaskuntzan lizentziatua da Juaristi, eta Gizarte eta hezkuntza ikerketan masterra du egina. Era berean, azken urteetan Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzeta ikastetxe publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendaria izan da.
Hezkuntzaren arloan ez ezik, politikagintzan ere esperientzia du Juaristik: Azkoitiko Udaleko EAJren zinegotzia izan zen 2007-2011 agintaldian. Era berean, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan hautagai aurkeztu zen Bizkaiko EAJren zerrendan.
Duñike Agirrezabalaga zumaiarra, berriz, Justizia Digitaleko eta Azpiegituretako zuzendari bezala izendatu dute. Zuzenbidean lizentziatua eta abokatua, Ezker Batuan eta Alternatiban aritutakoa, Donostiako Udalean PSE-EEko zinegotzi izan zen zortzi urtez, 2015tik 2023ra. Iaztik Zumaiako Udaleko zinegotzia da PSE-EEtik.
Agirrezabalagak GUKAri esan dionez, Zumaiako zinegotzi izaten jarraitzeko asmoa dauka Jaurlaritza kargu izanda ere.