Digitalizazio prozesuan lagundu die UKUEk eskualdeko enpresa batzuei

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 6a, 13:00

Osteguneko topaketan parte hartu zuten ordezkariak. (Urola Kostako Udal Elkartea)

ETE digitala topaketa egin zuten pasa den ostegunean Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Zarautzen duen egoitzan. Beraien digitalizazio prozesutan udal elkartearen laguntza jaso duten eskualdeko enpresen berri eman zuten bertan. 

Eskualdeko enpresa txiki zein ertainei zuzendutako topaketa egin zuen UKUEk pasa den ostegunean udal elkarteak Zarautzen duen egoitzan. Enpresen digitalizazioa bultzatzeko asmoarekin egin zuten jardunaldi hau. Izan ere, ostegunean egindako ETE digitala ekimenean parte hartu zuten enpresetako ordezkariek nabarmendu nahi izan zutenez, "digitalizazioa ezinbesteko urratsa da enpresen eraginkortasuna eta lehiakortasuna bermatzeko”.

Jardunbide Oneko Gida izeneko gida-lerroak aurkeztu ondoren, ETE digitalaren inguruko azalpenak eman zizkieten UKUEko ordezkariek, Ion Arozena presidentea buru zutela, topaketara bertaratu ziren lagunei. Egitasmo horren bidez beraien digitalizazio prozesuan udal elkartearen laguntza jaso duten eskualdeko enpresen berri ere eman zuten.

Hala, 4.0 produktu eta teknologiaren txertaketarako aholkularitza jaso dute Zarauzko Gesalagak, Getariako Giez-Berrik eta Zumaiako Kortak; Eraldaketa digitala, ikuspegi humanistatik programan, berriz, Zumaiako Ferreteria Galdonak eta Ederto Harakin Taldeak, Zarauzko Otzarreta Comunicacionek eta Aia-Orioko Pavitec 2000 enpresek parte hartu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide